Erakustxakur lehiaketa izan zen igandean, Xoxokako zelaietan. 32garren San Joan Sari Nagusia zegoen jokoan, Txantxangorri elkarteak antolatuta, eta 26 txakur aritu ziren lehian. Bi kategoriatan aritu ziren: britainiar arrazetan, Santiago Bernardoren Lore izan zen onena; eta kontinentaletan, Asier Muruaren Khoni nagusitu zen.
Gainera, kategoria bakoitzean, txakur sozial onena saritu zuten: Joaquin Izetaren Zeru izan zen irabazlea britainiar arrazakoetan, eta Gabriel Elizondoren Erguin kontinentaletan.
Plater tiroketa, larunbatean
Tiroketa txapelketak ere protagonista izan dira, San Joanetako aurreneko egunetan. Larunbatean, I. Compact-Sporting tiro proba egin zen Arkalen, Oiartzunen.
22 parte hartzaile aritu ziren tiroketan, platerak jotzeko ahaleginetan. Maila ederra eman zuten guztiek, baina denetan onena Lazaro Oiarbide izan zen. 25 plateretatik, 23 jo zituen, eta bik bakarrik egin zioten ihes. Hala ere, plater bakarreko aldearekin irabazi zuen, 22 bota baitzituen J. Manuel Loinazek.
Proba amaituta, Txantxangorri elkartearen egoitzara jo zuten, sariak banatu eta luntx eder batekin festa amaitzeko.