Kontzentrazioa ostiralean, eta hainbat ekimen, preso eta iheslarien alde

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 25a, 02:00

Hilabeteko azken ostirala da etzi eta kontzentrazioa egingo dute Joseba Barandiaran plazan, 20:00etan. Uztailean zehar, bertso afaria eta barrikotea ere izango dira.

Ekaineko azken ostirala izan­go da etzi eta hilabetero bezala, kontzentrazioa deitu dute Presoak eta iheslariak Euskal Herrira lelopean. Arra­tsaldeko 20:00etan izango da Joseba Barandia­ran plazan. Herrita­rrei dei egiten diete kalera atera­tzeko preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzera.
Bestalde, astero astero, astelehene­tan ere kontzen­tra­zioa egin ohi dute hainbat herritarrek eta datorren astelehenerako ere jarri dute hitzordua: 20:00etan, Joseba Barandia­ran plazan.

Mariskada, zozketan
Hilabetero bezala, ostiralean mariskadaren zozketa egingo da. Boletoak euro 1ean daude salgai, Ikatza, Ekaitz, Txotx eta Zipotza tabernetan.

Bertso afaria, Ipintzan
Azaldu dutenez, ekimen hau­en helburua, pre­soei el­kar­ta­suna adieraz­te­az gain, sosten­gu eko­no­mikoa lortzea ere ba­da, be­raiek eta senideek dauz­ka­ten beharrei eran­tzun ahal izateko. Hori horrela, ber­tso afa­ria an­to­latu dute, Preso bat, egunkari bat ekimena­ren ba­rru­an. Herriko presoek egun­karia izan dezaten erabiliko da dirua.
Bertso afaria uztailaren 11n izango da, Ipintza sagardote­gian. Iker Zubeldia eta Aitor Mendiluze ariko dira bertso­tan. Txartelak salgai daude Ikatza, Zipotza eta Ipintzan. Prezioa: 25 euro (horietatik 13 euro, laguntza).

Barrikotea, festetan
Urtero, Santa Ana egunez egin izan dute presoen alde­ko ba­rrikotea, baina orain­goan, la­run­bata denez eta gazte baz­karia egongo denez, uztailaren 25ean izango da, Santio egunean. Bazkaria beharrean, afaria izango da. Beraz, azken ostiraleko kon­tzentrazioa egin eta afaltzera joango dira. 

Bi preso
Astigarragan, bi euskal preso politiko daude: Juan Luis Agi­rre eta Ekaitz Ezkerra. Agirrek 18 urte daramazki preso. Fran­tziar estatuan egon zen kon­dena betetzen eta gaur egun espainiar estatuan da­go, Zue­ra­ko espetxean. Ezke­rra, iazko apirilean atxilotu zuten, Aske­gunean. 6 urteko zigorra du, Segiko kide izatea leporatuta. Burgosen dago preso. 
Bestalde, Zipotza elkartea epaitu dute Herriko Tabernen auziaren barruan. Epaiaren zain dago. 

Julen Zuaznabar, epaiketaren zain

28 gazteren aurkako epaiketa hasiko da irailaren 22an, Segiko kide izatea leporatuta. Horien artean da Julen Zuaznabar astigartarra. Larun­ba­tean agerraldia egin zuten epaiketa bertan behera uzteko eskatuz. Duela egun batzuk absolbitutako beste 40 gazteei leporatzen dizkieten delitu berak leporatzen dizkietela azaldu zuten eta haien aurkako frogak, absolbituen aurkakoen berdinak direla. 2010eko urria eta azaroa artean atxilotu zituzten gehienak, eta torturak salatu zituzten guztiek. Epaiketa abenduaren 18an bukatuko da. Seina urteko espetxe zigorra eskatzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!