Eguzkia eta ekaitza, ekaitza eta eguzkia... horrela joango dira lehendabiziko egunak San Joanetan, baina orain artekoan ez du horrek festa geratuarazi. Atzo jo zuen eraso bat arratsaldean, baina kolpe txikikoa, eta ez zuen jendearen eta festaren surik itzali. Gaur ere hala dago emana, iluntze aldera zaparrada, baina ez dirudi haundirik botako duenik.
San Joan eguna gaur da, lehendabiziko diana aterako dena, eta baita lehendabiziko Axeri Dantza ere, gaztetxoen Axeri Dantza, hain zuzen ere, aurten bigarren urtez egingo dena. Haurren danborrada ere izango da, eta Txirri, Mirri ta Txiribiton junior ere bai.
Kultura arteko giroak zipriztinduko du festa, Amherrek antolatutako bi ekitaldirekin, eta memoria pixka bat egiteko, orain dela 30 urteko garaietara bueltatuko gara, 80ko hamarkadako kanten bertsioekin.
Santa Barbara eta Etxeberriko danbor hotsak
Goizean umeek izango dute protagonismoa. Gaztetxoen Axeri Dantza izango da goizeko 10:00etan, urteroko Dianaren ondoren. Eta ondoren, 11:30etan, Haurren Danborrada, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteen eskutik. Haurrentzako baita ere, baina arratsaldean, Txirri, Mirri eta Txiribiton junior taldea, Dantzan emanaldiarekin, 17:00etan, Atsegindegin.
Urumea ikastolaren omenezko kantua, Musika Bandaren eskutik
Eta Musika Bandak kurtsoko azken kontzertua emango du eguerdiko 13:00ean, Txistulari Bandaren kontzertua bukatu ostean. Sei kantu izango dituzte aurten, Arkupetan jotzeko, eta puntu berezia emango dio Urumea ikastolari eskainitako kantak. Urumea ikastolak 50 urte bete ditu aurten Joxe Luis Urdangarinek letra jarri dio Joxe Mari Oiartzabalek egindako musikari.
Urteroko zitak, eta zita berriak
Ez dira faltako urteroko zitak, aurten ere: dantza suelto txapelketa (18:00), Xalaparta txarangaren irteera (23:15), Zezen suzkoa (23:30) edo Larrain dantza (00:00), besteak beste. Jende asko bilduko du, baita ere Konponbide eta konpromiso garaia da ekitaldian (20:00). Aurtengo nobedade gisan, eskubaloi taldeak antolatu duen Eskubaloia Kalean lehiaketako finalak (19:00).