Musikaren erritmora, 24 orduz

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 23a, 02:00

Goizean goiz hasi eta gaueraino, estilo eta mota guztietako musika izango da entzungai: txarangak, disko jartzaileak, banden kontzertuak... Ia ez da izango isiltasunerako tarterik jaietan.

San joan jaietan une bakoitzari musika bat jarri nahi dionak zailtasun haundirik ez du aurkituko. Gau eta egun izango da belarriak goxatzeko aukera, musika izango baita festen oinarria, beste behin. Estilo eta mota guztietako kon­tzertu eta emanaldiak anto­latu dituzte, bost egun hauetarako.
Suziriaren eztandaren ondoren, San Joan Martxaren doinuak iritsiko dira bela­rri­etara lehenengo, Her­naniko Txistulari Ban­daren esku­tik. Hortik aurrera, ia ez da isiltasunik izango herrian. Musika Eskolako txistu, dultzaina, alboka, trikitixa eta akordeoiek erritmoz beteko dituzte kaleak, gaur goizean zehar.

Abesbatzak, arratsaldean
Instrumentu sortak jarri­tako soinuari, abesbatzek eman­go diote erreleboa, arra­tsal­dean. Ohitura Zaha­rrak abes­batzak San Joan erronda egingo du, 18:30­etan hasita. Kantuz eta Ozenki abes­ba­tzek, berriz, kontzertua es­kainiko dute Urbieta ka­le­an, 18:30etan. Ondoren, instru­mentuek har­tuko dute pro­tago­nis­moa berriro, eta San Joan Martxa izango da en­tzungai, Herna­niko Musika Bandaren es­ku­tik.

Gauero, aukera zabala
Egun argiz ez bada isil­ta­su­nik egongo, beste horren­beste gertatuko da gauez ere. Festa etengo ez den be­zala, etengabe man­tenduko da musika. Gainera, ba­rie­ta­te zabala izango da, ba­koi­tzak gus­tu­koen duena au­keratu de­zan: dantzaldiak, disko jar­tzaileak, musika elek­tro­ni­koa...
Gaur bertan, hiru ema­nal­di izango dira. Molotoff irratiaren esze­natokian Soul eta Funky disko jar­tzai­le­ak ariko dira, 22:00­etan. Gau­e­ro, musika estilo ez­berdin bat entzun­go da ber­tan: bihar punka, etzi jazz eta blues doinuak eta os­te­gunean bertako mu­si­ka.
Besterik nahi duenak, gaur, musika elektronikoa izango du Milagrosaren au­rrean, Paket Flat ko­lek­tiboaren eskutik. Eta dan­tzatzeko gogoa duenak, Laiotz taldearen kontzer­tura jo dezake, Tilosetara.

Urbieta kalean, bihartik
Kontzertu eta emanaldi ugari izango dira Urbieta kaleko eszenatokian ere. Bi­har izango dira au­rre­ne­koak: kulturen arteko mu­sika, aerorrunba eta per­kusioarekin, 20:00etan; eta 80garren hamarkadako mu­si­ka, 23:00etan. Asteazke­nean, beste bi emanaldi: Fermin Valencia abeslaria lehenik, eta Patxi eta kon­pai­nia taldea ondoren. Eta oste­gu­nean, Txertubi tal­deak eskainiko du az­ke­na.
Gauetako barietatea bo­robiltzeko, Gaztea Irra­ti­aren disko festa izango da Oihan Vegarekin, aste­azkenean  Atsegindegin.

Jaikitzeko orduan, diana
Gaueko kontzertuekin luza­tu denak, despertadore ezin­hobea izango du goi­zero. Bihar 09:00etan ir­tengo da, Hernaniko Mu­si­ka eta Txistulari ban­dekin, bai­na hurrengo hiru egunetan ez du gu­pi­darik izango: goi­zeko 07:00etan abiatuko da diana, Musika Eskolako dul­tzainero eta txistu­lariekin.
Danbor hotsek ere ezin zu­ten huts egin, San Joan jaie­tan. Gaur gauean, Santa Bar­­bara elkartekoak irtengo dira, 23:00etan. Bihar, berriz, hau­rren txanda izango da. Santa Barbara eta Etxeberri el­kar­teen eskutik, 11:30etan abia­t­uko da haurren danbo­rrada.

Txarangen hotsak, edozein momentutan
Diana eta danborrada be­za­la, ezinbesteko osagaia dira txarangak jai­etan. Eta Her­nanin, aberas­tasun haundia daukagu arlo ho­rretan. Ho­rregatik, egu­ne­ko edo­zein momentutan entzun ahal izango dira txarangen doi­nuak, egunez zein gauez. Txandaka egin­go dituzte ir­teerak. Goizean ariko dira batzuk, iluntzean beste ba­tzuk, eta parrandak giro­tze­ko, gauerdi partean ir­tengo denik ere bada.
Guztira, zazpi txarangak egingo dute agerraldia, he­rriko kaleetan: Urumea, Xa­la­­parta, Incansables, Betiola Elizatxo, Nekaezinak, Beti Egarriak eta Betikoak, jaie­tako omenduak. Gaur ban­dera jaso eta suziria bota, eta bihar irtengo da Beti­ko­ak txaranga, 19:00etan.

Bertsolariak, bi egunez
Eta doinuez ari garela, ezin ziren bertsolariak falta, San Joan jaietan. Aurten, bi egu­nez gozatu ahalko da ber­tsoak josteko arteaz. Bi­har, ikuskizun berezia emango dute Biterin, 18:00etan. Ber­tsolari, payadore eta repen­tisten topaketa izango da, AMHER elkarteak anto­la­tu­ta. Bertakoak lehenak eta Espainian eta Latino­ame­ri­kan zabaldutakoak beste bi­ak, poesia, kantua eta in­probisazioa nahasten di­tuz­te guztiek.
Ohiko bertso saio bat nahi duenak, aldiz, oste­gu­nean du zita. Maila handiko saioa izango da Plazan, 19:30etan. Maia­len Lujan­bio, Sustrai Colina, Alaia Martin eta Agin La­bu­ru ari­ko dira kantuan, Elur Txori elkarteak antolatuta. Gorka Tolosak egingo ditu gai jartzaile lanak.

Konpartsak, dultzaineroak, txosnetako musika...
Musikaz beterik egongo dira jaiak, egunez eta gauez. Di­anak, txarangek edo kon­tzertuek, besteak beste, doi­nuz jantziko dute eguna. Eta isiltasun tarterik gera­tu­ko balitz, erraldoi eta buru­haundien konpartsak, dul­tzaineroek edota txos­ne­ta­ko musikak beteko dute. Goxatu belarriak!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!