Haur eta gazteek protagonismo handia izango dute 2014ko San Joan jaietan. Haientzako ekintzaz beteta dago egitaraua, eta egunero izango dute ondo pasatzeko aukera. Gaur bertan, goizean goiz hasi eta iluntzera arte, atseden hartzerik ere ez dute izango.
Inork baino lehenago hasiko dute festa, udaletxeko balkoian bandera jaso eta suziria bota baino lehenago. Izan ere, marrazki lehiaketa izango dute goizeko 09:00etan, Tilosetan, Urumea ikastolak antolatuta. Irudimena eta marrazteko abilezia landu ondoren, jaien hasiera ofizialera joko dute, eta suziriak eztanda egitearekin batera, korrika ariko dira, buruhaundietatik ihesi.
Ekitaldi polit batekin hasiko dute arratsaldea: aurreskua eskainiko dute herriko haurrek, 17:00etan Plazan. Urtero-urtero, 35-40 bikote inguru biltzen dira dantza saio eder bat egiteko. Aldi berean, tiroketan arituko dira beste batzuk, Txantxangorri elkartean: Miguel Ollo karabina txapelketaren finala izango dute jokoan.
Dantza eta danborrada
Goizean goizetik izango dira protagonista, bigarren egunean ere. Gazteek izango dute ohorea, aurreneko Axeri Dantza eskaintzeko, goizeko 10:00etan. Maskuriak astintzen ibiliko dira herriko kaleetan barrena. Jarraian, danbor hotsez beteko dute herria. Izan ere, 11:30etan aterako da haurren danborrada, Santa Barbara eta Etxeberri elkarteen eskutik. Lasaitu eta dibertitzeko aukera, arratsaldean izango dute, Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren saioarekin: Dantzan, 17:00etan Atsegindegin.
Pottokak eta zezen txikiak, hiru egunez
Bete-beteta izango dute agenda, asteazkenean ere. Goizean, ibai-arrantza txapelketa izango dute Txantxangorrin, eta parkea eta txutxu trena Atsegindegin. Eta arratsaldean, Poxpolo eta Konpainia emanaldiarekin entretenituko dira, 16:30etan Atsegindegin. Ondoren, pottokak eta zezen txikiak edukiko dituzte, Latsunbeko kirol pistan. Hiru egunez izango dira, asteazkenetik ostiralera, 17:30etan.
Osteguna, jaien laugarren eguna, emanaldi batekin hasiko dute. Txondatatxondan dibertsioa eta jaia eskainiko du Azkona taldeak, 11:00etan Atsegindegin. Han bertan, bazkalostean, Gazte San Joan Festa izango da, 11 eta 17 urte bitartekoentzat, 16:00etatik aurrera.
Artzain jokoan, amaitzeko
Azken eguna, marrazkilari trebeenak nabarmenduz hasiko dute. Gaurko marrazki onenak sarituko dituzte, 11:00etan Biterin. Bitartean, jokoak izango dira Atsegindegin: Artzainen kirol parkea, Kulki taldearen eskutik.
Barraketako prezioak
Autotxokeak
Bidai 1 - 1,80 euro
7 bidai - 9,00 euro
Helduentzako barrakak
Bidai 1 - 2,20 euro
6 bidai - 11,00 euro
Umeentzako barrakak
Bidai 1 - 1,80 euro
7 bidai - 9,00 euro
Tonbola-Saritan %70a
40 txartel, 10 euro
Salmenta
Kotoiak - 3 euro
Kokoak - 1,50 euro
Sagarrak - 2,50 euro
Txurroak (12) - 4 euro
Porra (1) - 1 euro
Buñueloak (12) - 4 euro
Tiroa
Tiro 1- 1 euro
6 Tiro - 5 euro
Tiro bereziak - 2 euro
Bolak 0,50 euro
5 Bola - 2 euro