Ikasturte honetan 50 urte bete ditu Hernaniko Urumea ikastolak, eta ospatu badute ere, bai ikasturte osoan zehar eta baita ikasturte amaierako festan ere, herri osoaren aurrean estreinatu nahi dute okasiorako sortutako kantua: Urumea ikastola.
Modu honetan omendu egin nahi dituzte ikastolako irakasle, ikasle eta guraso izandakoak eta direnak, ikastolaren sorreran lagundu zutenak, eta nolabait, ikastolari lotuta dauden guztiak. Estreinaldia bihar izango da, Hernaniko Musika Bandaren kontzertuaren barruan. Arkupetan izango da, 13:15etan, eta Urumea Ikastola kantua kontzertuko azken-aurrenekoa izango da. Bertan hartuko dute parte baita ere, Urumea ikastolako danborradako 10 bat haurrek, bi dantzari bikotek, eta 25 haur inguruk osatutako koruak.
«Urumea ikastolaren izpiritua jasotzen da
kantuan: bere momentuan eta Hernanin izandako papera, eta bete zuen hutsunea».
Ikasle ohien eta Musika Bandaren laguntza
Joxe Ramon Berrondo, Urumea ikastolako irakasle ohia izan da ekimenaren sustatzailea. «Aurten ospatu dugu Iñude eta Artzaien 20garren urteurrena. 93an egin zen lehenengoa, ikastolako jaialdian, eta 94an atera zen lehenengo aldiz kalera. Hori dela-eta, aurten Hernaniko Musika Bandak harrera egin zigun plazan, eta Roberto Pachecok azaldu zigun Banda prest egongo litzatekeela Urumea ikastolaren 50garren urteurrena ospatzeko. Hortik etorri zen kontua. Ni ez nintzen gai ikusten, eta Joxe Mari Oiarzabal musikariari eskatu nion kantu bat egiteko. Erantzuna berehalakoa izan zen, eta astebetera, kantua egina zegoen! Gero, ikastolako zuzendaritzari azaldu genion asmoa: Ane Loiarte zuzendariari, Idoia Zabaleta ikasketa buruari eta Gotzone Landaribar idazkariari. Haiek ere prest laguntzeko. Eta orduan, bertsoak egiteko eskatu genion bertsolari haundi bati: Jose Luis Urdangarini, ikastolako ikasle ohia. Honek ere berehalakoan eman zigun baietza. Azkenik, Ainara Ortegari eskatu genion kontzertuan abesteko. Bera ere Urumeako ikasle ohia da, eta berehala azaldu zen prest».
Biharko kontzertuan Ainara Ortegak kantatuko ditu bertsoak lehenengo, eta ikasleek errepikatuko dituzte gero. Bestalde, Karmele Mujika, ikastolako musika irakasleak egindako koreografia dantzatuko dute dantzariek, Iñude eta Artzaien pausuetan oinarrituta.
Omenaldia eta etorkizunari keinua
«Irakasle, ikasle, sortzaile eta guraso guztiei omenaldia» egiteko sortu dute kantua. «Guraso haien oinarria hor dago». Kantuan jaso dute «Urumea ikastolaren izpiritua: bere momentuan eta Hernanin izandako papera, eta bete zuen hutsunea». Eta era berean, etorkizunari keinu bat egin nahi izan diote. «Horrela bukatzen da biribilketa: Urumea ikastolak jarrai dezala aurrera!». Mundu guztia gonbidatu dute plaza betetzera.