Afari eta gosari goxo-goxoak, multikopista ordaintzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 23a, 02:00

Urte luzez Tilosetan otorduak eman diren leku berean dago txosna, kioskoaren aldamenean.
Bi ordutegi izango ditu: afariak 20:00etatik gauerdira, eta gosariak 05:00etatik aurrera.

Bigarren urtez txosna jarri du Dobera-Kronikak, San Joan jaietan. Aurten gainera, nobedade batekin: afariak ere emango ditu. Urte luzez otorduak eman diren leku berean dago txosna, Ti­lo­setako kioskoaren alda­me­nean. Bi turno izango dira txosnan: afariak 20:00etatik gauerdira bitartean emango dira; eta gosariak, ordu txikitan, 05:00etan hasita.

Multikopista, arrazoia
Joan den urtean jarri zuen Dobera-Kronikak txosna au­rreneko aldiz. Kronikako aleak egunero inprimatzen dituen multikopista hondatu egin zen. Behar beharrezkoa zen erreleboa, eta 9.000 euroko kostuari aurre egitea zen helburua. Herritarren erantzuna benetan esker­tzekoa izan zen, eta 2.348 euro lortu ziren.
Beharrezkoa zen diru guztia lortu ez bazen ere, multikopista ekartzea era­baki zen. Orain, ordainketak sortutako zuloari aurre egitea da helburua.

Afaltzeko, bokatak
Bokatak afaldu nahi dituzten herritarrentzat aukeretako bat izango da aurten Dobera-Kronikako txosna. Hiru bo­ka­ta daude aukeran, kon­bi­na­zio ezberdinekin: patata tor­ti­lla, xolomoa eta hiru­gi­ha­rra. Azkeneko biei gaz­ta eta pi­­perra eransteko au­kera da­go. Eta xolomoa eta hi­ru­gi­ha­rra batera jan nahi di­tue­nak ere, eskatu besterik ez du!

Gosariak, ordu txikitako tripazorriak asetzeko
Joan den urteko harrera ona eta gero, aurten ere gosariak izango dira Dobera-Kro­ni­kako txosnan. Gazitik jan na­hi duenak tortilla eta txorixo pin­txoak izango ditu au­ke­ran. Gozoa nahiago duenak, he­rritarrek egindako biz­kotxo, madaleta, tarta eta bestelakoak... Txokolate eta kafe beroa ere, emango dira. Eta salda ere, izango da aukeran! Ordu txikietako gosariekin batera, edariak ere salduko dira txosnan.

Laguntzeko modu asko
Dobera-Kronikari laguntzeko modu bat baino gehiago daude. Txosnan turnoren bat egin nahi duenak, abisatu bes­terik ez du. Postreekin iaio­ak diren herritarren go­zoak ere, ongi etorriak izango dira. Eta Dobera-Kronikako txos­nan kontsumitzera ger­tu­ratzen diren herritarren langutza ere, benetan es­ker­tzekoa izango da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!