GAUR hasiko dira San Joanak; Betikoak taldeko emakumeei ordea, ez zaie urduritasun puntturik nabari. Urte askotan ikusi ditugu Hernaniko festak arrosa kolorez janzten eta aurten are protagonistago izango dira: festei hasiera eta bukaera emango diete. Oraindik ez dakite nor izango den suziria botatzera ausartuko den taldekidea, baina momentu horretarako gogotsu daude. Mari Karmen Mujika eta Antxo Aranburu taldekideekin solasean aritzeko aukera izan du Kronikak, eta hainbat bitxikeria eman dituzte ezagutzera.
San Joan jaiei hasiera ematea ez da urtero gertatzen den gauza bat. Zer sentitu duzue bandera igo eta txupinazoa jaurti behar duzuela jakitean?
Normala den bezala, poza eta ilusio sentitu dugu ohore eta protagonismo hori izango dugula jakitean. Aurreko urtean hautagaien artean egon ginen, eta azkenean Goiz Eguzkiko kideak izan ziren aukeratuak. Aurten ez genuen espero gugan pentsatuko zutenik, eta gutxien espero genuenean iritsi da berria. Gogotsu gaude udaletxeko balkoira igo, hernaniarrak behean algaraz ikusi eta jaiei hasiera emateko.
Ez da Hernanin izan duzuen aurreneko omenaldia. Zer uste duzue baloratu duela Jai Batzordeak zuek aukeratzerako garaian?
Ez da egiten diguten lehenengo omenaldia izango, baina agian bai hunkigarriena. Duela hamar urte Udaletxeko areto nagusian omenaldia jaso genuen, orain arte egindako ibilbideagatik. Oraingoan ere, uste dugu gehienbat taldearen adina izan dutela kontuan, eta baita ere Hernaniko San Joanetan izan dugun ohiko presentzia. Bestetik, txarangak girotzerako garaian erakutsi dugun izaera aintzat hartu dutela uste dugu.
«Txarangen atzean giroa alaitzea gustatzen zaigu gehien».
Noiz eta nola sortu zen taldea?
Orain dela askoko kontua da, 40 urte baino gehiagokoa. Gazte garaietan adin desberdinetako neskak elkartzen hasi ginen eta laguntasun estua sortzen hasi zen gure artean. Asteburuetan bazkariak antolatzen genituen eta denbora pasa ahala, geroz eta jende gehiago biltzen ginen. Handik aurrera San Joan jai guztietan egon gara kalez kale, kantan eta dantzan.
Zenbat emakume zarete taldean? Denak Hernanikoak?
Egun 30 bat kide izango gara gutxi gorabehera. Hasieran partaide gutxiago ginen, baina gerora lagun gehiago batzen joan dira. Hala ere, azkenaldian murriztu egin da kopurua, alde batetik, bi kide hil egin zirelako, eta bestetik, batzuk atzerrian bizi direlako. Denak Hernanikoak gara jaiotzez, baina asko inguruetako herrietan bizi dira, horietako gehienak Donostian.
«Arrosa koloreko kamiseta dugu, Hernaniko banderaren kolorea delako».
Kolore arrosa da zuen ezaugarri nabariena. Nola sortu kamiseta eramatearen ideia?
Bazkari batean, nola ez! Orain dela hogeita zazpi urte izan zen hori. Gure bereizgarria izango zen alkandora egitea otu zitzaigun eta Hernanirekin zer ikusia zuen kolore bat aukeratzea erabaki zen. Batzuek berdea proposatu zuten, baina beste batzuek arrosa nahiago genuen, Hernaniko banderaren kolorea delako. Eztabaidatu ondoren azken kolore hau atera zen garaile. Gaur egun garai hartan egindako kamiseta berberekin jarraitzen dugu, estimu handia diogu, eta maitasunez zaintzen ditugu.
Eta izena? Nori bururatu zitzaion koadrilari hain izen adierazgarria jartzea?
Taldearen izenarekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Hasiera batean Atsuak atera zen talde izen bezala, baina batzuk guztiz aurka azaldu ginen, ez baikenuen batere gogoko. Taldea uzteko mehatxua ere egin genuen. Aukera gisa Betikoak izena proposatu genuen, eta segituan aho batez onartu zen.
«Neska taldeak perritxikoak bezala ugaritu dira orain».
Zer da San Joan jaietan gehien gustatzen zaizuena? Eta gutxien?
Txarangen atzean ibiltzea da gehien gustatzen zaiguna. Dantzan eta algaraka ibiltzea gogoko dugu, hori da gure ustez jaietan egin behar dena, ondo pasa eta gorputza mugitu. Betiko lagunak elkartzea ere oso positiboki baloratzen dugu.
Urte asko pasa dira zuen gazte garaitik. Zein dira gehien sumatu dituzten aldaketak?
Txarangekin irteten diren gazteen kopurua asko jaitsi dela ikusten dugu. Goizetan ez da egoten gure gazte garaiko giro berbera, orain gazte jendea gauean ateratzen baita eta ez dute eguna behar bezala aprobetxatzen. Txarangek indarra galdu dutela ere ikusten dugu eta horrek pena ematen digu. Hala ere, neska mutilen koadrilak geroz eta sendotuago daude eta hori ere pozgarria da. Guk neska lagun taldea osatu genuenean, kritikatuak izan ginenaren sentsazioa izan genuen; izan ere, orduan ez zegoen hain ondo ikusia nesken koadrila bat herriko kaleetan festaz gozatzen ibiltzea. Gerora emakumearen estatusa normalizatzen joan den heinean neska taldeak perretxikoak bezala atera dira, eta hori gauza polita dela uste dugu.