Bi hilabete, hamar proba egun eta hogeita bi talde dira Olinpiadek aurten utzitako datuak. Lagunartean, euskara sustatu, kirola egin eta ondo pasatzea izan da helburu nagusia, eta erraz gainditu dira hiru marka horiek. Tiloseta kolorez jantzi zuten atzo, Olinpiadetan parte hartu duten herritar guztiek. Azken proba egin zuten goizean, pista batetik bestera, paella bat egiteko lehengaiak lortu arte. Bapo bazkaldu ondoren, itxiera ekitaldia zuten. Bromak, barre algarak eta txaloak izan ziren nagusi, eta aurtengo irabazleak saritu zituzten: Brubalcaba. Hain justu, aurreko Olinpiaden irabazleek eman zieten saria, Putreak taldekoek. Ondoren, talde guztiak elkartuta, Olinpiadei agur esan zieten, hemendik bi urtera arte.