Mendi bidetik Hernani urbanora, oinez edota bizikletaz

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 22a, 02:00

Udako oporraldiak hemen dira eta batzuk iada, hasi dira planak egiten. Hernani ingurutik atera gabe, etxetik kanpo egoteko aukera badago.
Hona hemen lau proposamen.

Biteri Kultur Etxean du bulegoa Gurutze Amigorenak, Hernaniko Udaleko Turismo teknikariak. Urte osoan zehar bertatik pasa ohi dira Hernani ezagutzera datozen bisitariak, nahiz atzerritarrak, estatukoak edota inguruko herritakoak izan. Urtean zehar goizez irekitzen da bulegoa; uda partean, aldiz, gune berezi bat irekitzen dute Biteriko plazan, ordutegi zabalagoarekin.
Hernanik bisita gidatuen, txo­ko turistikoen... inguruan es­kain­­tza zabala dauka, hala ere, Gu­rutze Amigorenak dioenez «bisitari guztiei ez zaie berdina proposatzen. Ezinbestekoa da bisitariaren gustuak jakitea eta hauetatik abiatuz, ideiak ematea». Baina, turismo eskaintza hau ez da bisitarientzat soilik diseinatu. Herna­nia­rrak ere beren ingurua ezagutzera animatu nahi ditu turismo teknikariak.
Uda bertan dugula aprobetxatuko dugu eta turismo bulegoko arduradunaren gomendioak ja­rrai­tuz, Kronikak lau plan desberdin proposatuko ditu. Eremu desberdinak uztar­tzen dira plan horietan, herriko eta inguruetako parajeetan barrena galdu gaitezen.

 

Mendi buelta eta sagardotegira gero, indarberritzeko

Hernani eta bere inguruetan erraz aurkituko dute zeregina mendi ekintzak gustuko dituztenek. Hori kontuan edukita, turismo bulegoak ‘Hernaniko Ibilbide Sarea’ sortu zuen, Aranzadi Zientzia elkartearen eta Mendiriz Mendi herriko elkartearen lagun­tzarekin. Sare honek hamaika ibilbide proposatzen ditu, zailtasun eta altuera desberdinekoak. Ibilbide hauen inguruko informazioa www.hernaniturismo.com webgunean aurki daiteke.
Ibilbide Sarea osatzen duten parajeetatik bada bat bereziki interesgarria dena «gure arbasoen ispilu diren hainbat aztarna” jaso­tzeagatik». Ondi mendia da hori. Zailtasun ertaina duen mendi buelta honek, 8,4 km-ko luzeera dauka eta hiru ordutan, gutxi gora-behera, burutu daiteke, lehen aipatutako informazioaren arabera. Turismo bulegoak proposatzen duen bidea Pardiolako baserriaren parean hasten da; herriaren erdigunetik hasi nahi izanez gero, mendi buelta ordu eta erdiz luzatuko da.
Eguna borobildu eta mendian galdutako indarra errekuperatzeko, Onditik bueltan Iparragirre Sagardo­tegian barrena murgiltzea aukera paregabea izan daiteke. Duela hilabete batzuk zabaldu berri den Sagardo Guneak sagardotegia barrutik ezagutzea ahalbidetuko digu. Aldez aurretik erreserbatuz gero, ‘Ezagutu Iparragirre’ deritzon ordubeteko bisita gidatua egin daiteke; eta ondoren, bertan mokadutxo bat jan edota bertako euskal jakiez osatutako menua dastatzeko aukera dago, ostiraletik igandera. Erreserbatzeko deitu 943 55 03 28 telefonora.

Beste aukera batzuk
Proposamen honen antzekoa da Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, Larre-Gain Sagar­do­tegiarekin elkarlanean, an­tolatzen duen esperientzia. ‘Gozatua Hernanin’ deri­tzon planaren barruan, Aiako Harriko Parke Naturalari buelta gidatua, Larre-Gain sagardotegiari bisita eta bertan bazkari edo afariaz gozatzeko aukera ematen du. Proposamen turistikoak prezio itxia dauka eta gutxieneko hogei pertsonako taldea sor­tzea eskatzen da. Informazio gehiago www.gipuzkoamendizmendi.net web orrian edota 943 55 58 46 telefonoan.
Era berean, turismo bulegoak, mendi irteera gidatuak egiten ditu doan Santa Barbara eta Larre-Gain ingurutik. Bata eta bestea zailtasun txikiko ibilbideak dira, haurrekin egiteko aproposak.

 

Kaxkoa eta sagardoa, turismoaren ardatzak

Berdegunea alde batera utzita, Hernani kulturaren bitartez ezagutzeko aukera ere badago. Herriak baditu bi berezitasun: bertako Kaxkoa interes historiko-artistikodun gunea izatea eta ohitura sagardogilea. Hori aprobetxatuz, egun pasa kulturalagoa egin daiteke.
Goizez, turismo bulegoak eskaintzen duen bisita gidatuaren bitartez Hernaniko hirigunea ezagutzeko aukera dago. Erdi Aro garaiko Hernanira garraiatuko zaituzte bertako armarriek, oraindik zutik dirauten etxebizi­tzek... eta horiei buruz gidak konta­tzen dituen bitxikeriek . Gurutze Amigorena, turismo teknikariaren ustez, «batzuetan ez gara konturatzen egunero pasatzen garen kaleetan zer dagoen. Hauek erakustea da bisita honen helburua». Bisita doakoa da, ordu eta laurden inguru irauten du eta, udan, gidarekin hitzartuta, edozein egunetan burutu daiteke.
Bisita, gainera, opariarekin dator. Kale bueltaren amaieran, gidak txarteltxo pare bat emango dizkio parte hartzaile bakoitzari. Horietako bakoitzak, Kaxkoko bederatzi tabernetan pintxo bat eta sagardo tragoxka bat bi euroren truke hartzeko aukera ematen du. Gurutze Amigorenak komentatu duenez, «ekimen berri hau aurtengo txotx denboraldian jarri da abian, eta izan duen arrakasta eta gero, udan ere mantentzea erabaki dugu».

Arratsaldean, Sagardo-Etxera
Bapo-bapo bazkaldu ondoren, Astigarragako Sagardo-Etxea bisitatzeko unea izango da, sagardoaren munduari buruzko eskualdeko museoa, alegia. Eguraldiak laguntzen badu, bi herriak lotzen dituen ibilbide anitzak erabili daitezke bertaratzeko: Zinko-Eneatik Martindegi eta, gero, Ergobira iristen dena; Florida auzotik, zuzenean, Ergobira doana...
Sagardo-Etxera iristean, barrutik ezagu­tzeko aukera izango da. Lau euroren truke, hiru eremuak ezagutzen dira: museo gunea, sagastia eta destaketa gunea, dagokion sagardo dastatzearekin. Denda bat ere badago, non produktuak, oroigarriak, etab. eskura daitezken.

 

Kirola eta ondorengo bainua, konbinazio perfektua

Bizikletan zeharkaldiak egiteko inguru aproposa du Hernanik. Azken urteotan egokitutako bidegorriez gain, sagardotegietako bidea bi gurpilen gainean zeharkatzeko bereziki polita da.
Bizikleta zale askok Ugaldetxora egiten du­te irteera. Goizean goiz abiatzen dira Zin­koe­neatik, eguzkiak gehien jotzen duen unea ekiditzeko. Aurreneko zatia egiteko Karabel auzoa zeharkatzen duen bidegorria erabili liteke, Por­tu auzoaren atzekaldean bukatzen den ar­te. Hortik aurrera, errepidea autoekin konpartitu beharko da. Beraz, kontu handiz ibiltzea eta kaskoa janztea ezinbestekoa da. Elorrabira arteko bidea laua da, erraza. Iristean, nahi duenak bainutxo bat hartu dezake, orain urte batzuk, denboralearen on­dorioz, suntsitu zen zubi historikoa zegoen tokian.
Ondoren dator bederatzi kilometro inguruko bideko zati gogorrena: Fago­llagara daraman aldapa. Jose Luis Gorostidi, Jocc Elkarteko kideak, dionez, «aldapa hau igotzeko ezinbestekoa da kanbioak erabiltzea». Baina, ekaitzaren ostean beti dator barea. Fagollaga pasata, bide errazez, berehala iritsiko zara Ugaldetxora.
Bizikleta aparkatuta, aukerak anitzak dira Ugaldetxo inguruan. Kirolarekin jarraitu daiteke bertako frontoiean pala edo pelota partidak jokatuz; pixka bat lasaitu, errekan bainu bat hartuz; kanpalekuan piknik txiki bat egin; edota bertako tabernan bazkaldu.

Haurrekin hobeto Donostiara
Gomendatutako bidea ez da oso zaila, baina Jocc Elkarteko Gorostidirentzat, «ez da go­mendagarria haurrekin egiteko». Txikie­nekin, hobe, Ergobia-Martutene-Donostia bidea hartzea. Bidearen zati handi bat bidegorritik da eta segurtasun osoz ailegatu daiteke Donostiako zentroraino. Bertan, txirrinda giltzatu eta hondartzan freskatzea da, plana!

 

Lasaitasunaren bila, igerileku eta parkeetara

Demagun goizean goiz esnatu eta eguzkia dizdiratsu ageri dela, gainera, bero handia espero da eta haurrek ez dute eskolarik. Kasu honetan, jolas igerilekuetara egun pasa joatea izango da planik erakargarriena. Herritik atera gabe, haurrekin estalperik gabe egoteko modu hoberena da hau.
Igerilekuko bazkide bazara, lasaitasun osoz egingo dituzu sartu-irtenak. Sarrera ordaindu behar baduzu, hobe goizean goiz joatea prezioa amortizatzeko (haurren sarrerak 5 euro kostua du eta helduenak 7,30 euro). Asteburu ho­netatik aurrera, eta irailak 7arte, instalazioen ordutegia izango da: 11:00etan ireki eta ilunabarreko 20:30etan itxiko. Eguerdian, bakoitzak etxetik eramandako janaria bazkaldu dezake zelai inguruan dauden mahaietan. Bestela, aurten berritu den taberna ere badago, eskaintza zabala duena: pizzak, bokatak...

Inguruko parkeetara digestioa egitera
Bazkide izan ala ez, espartutik sartu-irtena egin liteke, nahi adina. Hori aprobetxatuz, inguruetako parkeak bisitatu daitezke haurrek digestioa egiten duten bitartean: Ave Maria, Ata­rra­biyo edota Nere Borda parke botanikoa. Ave Ma­riak, gainera, otorduak egiteko gune bat dauka igerilekurantz doan zubiaren ondoan.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!