Motokrosa esanda ulertzen dute gehienek, baina hainbat modalitate badira mendi motorretan: Enduroa, Cross Countrya, Triala, Abiadura... Horiek guztiak ederki ezagutzen dituena da Urko Garmendia Imaz, aurten jokatutako guztia irabazten ari den gaztea. Errotaberri baserriko semeak 17 urte ditu, eta 10 urte zituenetik lasterketak zer diren badaki, baita sariak irabaztea zer den ere.
Zazpitik zazpi irabaziak
Enduro modalitatean hiru proba jokatu eta hirurak irabaziak ditu Garmendiak: martxoan Zallan, apirilean Elgoibarren, eta ekainean Irañetan. Urte bat daramaki Garmendiak Enduroan, eta berak azaldu dio Kronikari proba klase hori zer izaten den. «Cross Countrya mendian izaten da, baina zirkuito batean; Enduroa berriz banaka egiten da, mendian, eta irekian, erlojupean bezala».
Cross Countrya ezagunagoa zaio Garmendia gazteari, orain dela lau urtetik ari baita horretan. Dagoeneko Euskadiko bigarren eta hirugarren sariak irabazi ditu, eta aurten, lehenengo postuan dijoa, eta postu horretantxe bukatu lezake, bide berean segiz gero. Udazkenera arte, ordea, oraindik denboraldi erdia geratzen da.
«Beste kiroletan bezala mendi motorrak baditu arriskuak. Eroriera dezente izaten dira eta hori izaten da txarrena»
«Zaila da entrenatzeko lekua bilatzea»
10 urte zituenean hasi zen motokrosean, eta sariak irabaztea zer den badaki Errotaberriko semeak. Sekretua non dagoen galdetuta, garbi dauka: «mendi motorrean ondo ibiltzeko sekretu bakarra dago, entrenatzea». Entrenatzea, ordea, gero eta zailagoa den kontua da, galerazia dagoelako inguruko leku askotan. «Oso nekez uzten digute mendian entrenatzen. Lehenago errazagoa zen, orain berriz pegak jartzen dizkigute. Zirkuitoetara joan beharra izaten da». Mendi motorrek badaukate pistetan ibiltzea, baina hortik kanpora ez da hain erraz uzten, eta abiadura ere neurtua daukate.
‘Husqvana TE 125, bi denborakoa’, ez nolanahiko laguna
Motoa da motozalearen lagun ezinbestekoa, eta horrekin ere gustora dago Garmendia gaztea. Husqvana TE 125, bi denborakoa, hori da bere aliatua lasterketetan, eta ez dio hutsik egiten, «moto ona da, oso gustora nago berarekin».
Datorren urtean aldatu beharra dauka, seniorretan konpetituko duelako. Moto bera hartuko omen du, baina zilindrada haundiagokoa. «Moto berdina da hartu nahi dudana, baina 125ekoa izan beharrean, 250ekoa, eta bi denborakoa».
Euskadikoa buruan
Bide honetan segi nahi du Garmendiak, eta aurten Euskadikoa irabaztea jarri du helburu, «oraingoz hori daukat buruan, nahiz eta, gero tartean beste karreraren batera ere joango naizen, momentu puntualetan».
Ez dago gaizki esana. Asturiasen korritu du horrelako karrera bat, Espainiako Raid proba, Kopa TT, lau urtaroetakoa, eta bigarren postua lortu omen du...