Datozen hilabeteetan egingo dira Arrobitxuloko harrobiaren azken zatia egonkortzeko lanak. Arrobitxulo bidea 7 eta 9 atarien atzealdean dagoen zatia da kendu eta egonkortuko dena. Harrobitik harriak erortzen dira eta arrisku hori saihesteko egingo ditu lan hauek Udalak. Arrobitxuloko harrobiaren egonkortze lanak borobiltzeko, proiektu honek bi fase ditu eta orain egingo dena, lehenengoa da. Arrobitxuloko tximiniaren atzean dagoen tontorraren zati bat kendu behar da. Lanak 157.178,83 eurotan baloratu dira (129.899,86+BEZ).
Bigarren fasean, tontorra kendu ondoren geratzen den pareta, “gunita”rekin estaltzea aurreikusi dute, harri txiki solterik ez erortzeko. Fase hau aurrerago egingo da.
Udaletik halaxe azaldu dute: «Lan hauek borobilduko dute Arrobitxuloko harrobiaren eremuaren berreskuratze eta berrantolaketa, azken urteetan inork heldu ez duen gaia. Legegintzaldi honetan arazoari aurre egin eta inbertsio garrantzitsuak bideratuta, irtenbidea bilatu diogu, eremu honetan lur-jausiak egoteko arriskuari aurre eginez».
Lehiaketa publikoa martxan
Tokiko gobernu batzordeak onartuta, lehiaketa publikoa dagoeneko martxan da eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 7an amaituko da. Hori horrela, lanak udaran hastea espero da eta bi hilabetetan bukatzea.
Lehiaketarako beharrezko dokumentazioa eta informazioa, udaletxean.