Astigarragan, ari da pausoak ematen RENFEko aldirietako (cercanias) lineako tren geltokia jartzeko proiektua. Udalak egina dio eskaera Espainiako Sustapen Ministerioari eta aukera ikusten dutela erantzun zuten, apirilaren 24an.
Astigarragak azkenean, RENFEko tren geltokia izango duela eta, gustora dago Andoni Gartzia alkatea: «AHTaren geltokia ez zela bertan egingo jakinda pozik geunden, baina aldirietako geltokia nahi genuen. ETS (Euskal Trenbide Sarea) eta ADIFekin (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) biltzen aritu gara eta azkenean geltokia egiteko arazorik ez dela izango azaldu digute. Oso garrantzitsua izango da Astigarragarentzat. Orain lotura ona dugu Donostia eta Hernanirekin, baina beste herriekin ez. Honek bide asko irekiko dizkigu».
Momentu honetan, ministeriotik ikerketa lan bat idazten ari dira, hain zuzen, Euskal Herriko trenbide sarearen zati bati dagokiona: Astigarraga-Oiartzun-Lezo. Informe horretan bertan sartuko dute Astigarragako tren geltokiaren eskaera.
Tren geltokia non joango litzatekeen ez dago zehaztuta. Bi aukera daude: Bidebitarte poligonotik abiatuta edo Urumea Berritik.
Ibaiaren beste aldean
Geltokia non joango den ez dago guztiz zehaztuta; bi aukera daude. Aukeretako bat da, Bidebitarte poligonotik abiatuta; eta bestea, Urumea Berritik abiatuta. Bi kasuetan, ibaiaren beste aldean egongo litzateke, berez, Donostiako lurretan. Beste aldera pasatzeko, zubi bat egingo litzateke, oinezkoentzako eta bizikletentzako bakarrik. Alkateak dio Bidebitarte ingurukoa herritik gertuago geratzen dela eta alde horretatik egokiagoa litzatekeela. Baina, bestalde, ingurua kontuan hartuta, herritarren lasaitasunerako hobe izango dela Urumea Berri aldera dagoena egitea dio.