«Gipuzkoarrentzat onuragarria izango bada, astigartarrentzat ere hala izatea nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

Garraio Hiria edo kamioientzako aparkalekua egingo du Gipuzkoako Diputazioak Astigarragan, Elio-enea eta Larraburu baserrien gainkaldean. Lur horiek, ordea, desanexioaren ostean, Donostiako Udalak ez zizkion Astigarragari itzuli eta orain, eskaera ofiziala egin dio Udalak. Andoni Gartzia alkateak azalpenak eman dizkio Kronikari.

Elio-enea eta Larraburuko lurrak Astigarragari buelta­tzea eskatu berri zaio Donostiako Udalari. Halaxe onartu zen azkeneko Plenoan. Nola dijoa prozesua?
Desanexio espedientearen arabera, lur horiek Astiga­rra­garenak dira, baina Donostia­ko Udalak ez du inoiz buelta­tzeko erabakirik onartu. Behin baino gehiagotan egin zaio eskaera, elkarrizketak izan dira, baina orain arte ez da modu formalean egin. Ikusita ez dutela pausorik ematen, azkenean, eskaera ofizialki egitea erabaki du Udalak. Orain, 30 eguneko epean erantzun beharko dute. Ezezkoa bada, epaitegietara joko dugu. Eta ez badute erantzuten, kasu horretan ere bai.

Epaitegietara joz gero, epaia aldekoa izango dela argi ikusten al duzue? Luze joango al da?
Udaleko Zerbitzu Juridikoak arrazoi argiak ikusten ditu eta horretan oinarritu gara. Orain ikusi beharko dugu beraiek zertan oinarritzen diren lur horiek ez itzultzeko. Astigarra­ga oraindik desanexionatu ez zenean erosi zituen Donostia­ko Udalak lur horiek, Astiga­rra­gako baserritar edo herritar batzuei. Eta desanexio espedienteak argi dio, Astigarra­gako barrutian dauden lurrak, Astigarragari bueltatu behar dizkiola Donostiak, beti ere, ez baldin badago lur horietan Donos­tiarekin lotutako zerbi­tzuren bat. Adibidez, Petrite­gi­ko zabortegiaren kasuan, lur ho­­riek Donostia­ren eskutan geratu ziren. Baina kasu honetan, lur horietan ez dago ezer. Den­borari dagokioenean, ez dakigu zenbat luzatu daitekeen.

Zenbateko lur zatiaz ari gara?
Egia esan, dexenteko azaleraz ari gara, 379.000 metro karratu dira.

Eta oraintxe bertan sekulako garrantzia du lur horiek Astigarragaren esku geratzeak, ezta? Garraio Hiria proiektua bertan egin behar baitu Diputazioak.
Hori da, Garraio Hiria egiteko, desjabetu egin behar ditu lur horiek Diputazioak. Dagoeneko batzuk egin dira eta Astiga­rragak ez du ezer jaso ordainetan. Donostiak jasoko zituela pentsatzen dugu. Bigarren zinturoiaren obrekin ere, Astiga­rragari ez zaio ezer ordaindu. Horregatik nahi dugu lehenbailehen kontu hau argitzea eta lur horiek Astigarragari itzultzea. Diputazioari ere azaldu diogu lur horien egoera nola dagoen eta dena argitu bitartean, diru hori epailearen eskutan geratuko da.

Garraioaren Hiriari dagokionean, Diputazioaren proiektua da. Baina azalduko al zenidake zer izango den?
Kamioientzako aparkalekua izango da, hau da, kamioilariek deskantsatzeko lekua. Orain ere badaude batzuk Oiartzunen, Aritzetan… baina kamioilarien aspaldiko eskaera da zerbitzu hori gehiago osatzea, daudenak ez baitira nahikoak. Eta Astigarragakoa, orain artekoak baino haundiagoa eta osatuagoa izango litzateke. Egia esan, puntu estrategikoa da Astigarragako eremu hori. Bigarren zinturoiaren ondoan, mugatik gertu... Aparkalekuez gain, hainbat zerbitzu ere izango ditu: gasolindegia, ostalaritzako zerbi­tzua…

«Garrantzitsua da lur horiek Astigarragaren esku geratzea, etekinak bertan geratzeko. Adibidez, egingo den gasolindegia estatuko errentagarrienetakoa izango omen da»

Orain artekoak baino haundiagoa izango da. Hala ere, hasieran egitea aurreikusten zena baino txikiagoa izango da, ezta?
Bai, hasiera batean 800 bat kamioirentzat egitea aurreikusten zuten. Orain erdira jai­tsi dute proiektua, baina guztiz zehaztuta ez dago oraindik. Orain, bideragarritasun ekonomikoaren azterketa egiten ari da Diputazioa eta ez dakigu proiektu zehatza nolakoa den.

Noiz hasiko dira lanekin eta noizko egongo da martxan?
Hori ere ez dute zehaztu. Esan bezala, proiektua aztertzen ari dira orain. Hori zehazteko, hilabete batzuk itxaron beharko dugu.

Astigarragako Udaletik ze balorazio egiten duzue proiektu honen aurrean?
Berez ez da gure gustokoa horrelako proiektu bat egitea, baina egin behar den kasuan, Astigarragak eta bertako herritarrek ahalik eta onura gehien izatea nahi dugu. Horregatik beharrezkoa da lur horiek Astigarragaren esku geratzea. Bertan jarriko diren zerbitzuetatik etekina lortzen bada, garrantzitsua da Astigarragak etekin horiek jasotzea. Adibidez, egingo den gasolindegia estatuko errentagarrienetakoa izango omen da.
Egia esan, azpiegitura obren aldetik, Astigarragari tokatu zaio dena: Abiadura Haundiko Trena, Urumeako bariantea, bigarren zinturoia, bere garaian erraustegia egiteko asmoa Landarbason… Eta orain hau. Gipuzkoarrentzako onuragarria izango bada, astigartarrentzako ere onuragarria izatea nahi dugu; ez behintzat kalterako. Argi dugu, ez dugu nahi horrelako zerbait arazo iturri izatea. Herritik pixka bat aparte dago, baina Astigarraga da. Proiek-tuan segurtasun zerbi­tzueta­rako diru partida bat egongo da eta neurriak hartuko dira zen­tzu horretan.

«Argi dugu, ez dugu nahi horrelako zerbait arazo iturri izatea. Neurriak hartuko dira»

Proiektu hau, herritarrek behar bezala ezagutzen dutela uste duzu?
Nik uste, askok badakitela zer egingo den, baina egia da azalpen gehiago behar direla. Alde horretatik, Diputazioari esan diogu proiektua zehaztean, Astigarragara etortzeko azalpenak ematera.

Garraio Hiria proiektu honek polemika  ere sortu zuen bere garaian. Hasiera batean, Agroaldea egiteko asmoa zuen Diputazioak lur horietan eta azkenean, 2009ko abenduan, kamioientzako aparkalekua egitea erabaki zuen. Ze ondorio ekarri du horrek?
Agroaldea hori, batez ere, azpiegitura publiko horien eraginez  lurrak kendu zizkieten baserritar edo herritarrentzat zen, bai astigartarrentzat, bai inguruko herritarrentzat. Tar­te­an, beste herritar batzuk ere baziren, besterik gabe, baratza jarri nahi zutenak. Baserritar edo herritar horiei espektatibak sortu zizkien Diputazioak Astigarragako Agroaldearekin eta gero, kamioentzako proiektu hau zijoala esan zuten. Haserrea eragin zuen horrek. Azkenean,  Agroaldea hori Urnietan egin zen, Ariz­mendin. Askok ez zuten aurrera jarraitu. Astigarragatik uste dut, inor ez zela joan. Zentzu honetan, Udaletik lantzen ari gara halako zerbait martxan jartzea, baina ez litzateke hain haundia izango.

Hilabete batzuk barru zehaztuko du proiektua Foru Aldundiak
Gipuzkoako Diputazioko Bide Azpiegituretako Departa­mentutik jakinarazi dute, bideragarritasun azterketa bat egiten ari direla proiektuaren inguruan eta datu zehatzik ezin dutela eman. Zer egin, nola egin, errentagarritasuna zenbatekoa izango den, finantziazioa nola lortu... aztertzen ari dira. Hilabete gutxiren buruan azterketa hori osatzea aurreikusten dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!