«Kanpin lasaien artean azaltzen da gurea, eta horrek erakartzen du kanpotarra»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

Iskibi kanpinak ireki ditu ateak, maiatzetik iraila bukaera arte, eta uztail-abuztuan espero dute jende gehien.
Guztira 32 partzela dauzka eta kanpina jartzeko belarsoro haundi bat. Taberna eta jatetxe gisa ere fama dauka.

Iskibi kanpinera inguratu besterik ez dago, naturan zuzen zuzenean sartzeko. Hernanitik heldu denak haritz amerikano eta kurba artean eginen du bidea, eta Urumea errioak buelta hartzen duen horietako batean, eskuinean topatuko du kanpina; errioko putzurik ederrenetako baten ondoan, hiru hektarea inguruko erribera berdean. 32 partzela eta kanpina jartzeko belarsoro ederra, eta ingurune paregabea naturzalearentzat, horiek ditu eskaintza nagusiak. Horrez gain ordea, menu, razio, pintxo, kafe edo trago bat hartu nahi duenak leku paregabea dauka, Iskibiko taberna eta jatetxean, maiatzetik irailera, irekita dagoen bitartean.
Kanpineko bi arduradunak dira Joseba Elizegi astigartarra eta David Alcrudo katalana. Biek ongi ezagutzen dute kanpineko martxa, batek zortzi urte eta besteak 10 daramatzate-eta, bertan. Ongi moldatzen omen dira biak, denboraldiko martxa arruntean, baina laguntza behar izaten dute aldika.

«Katalanak eta Holandesak etortzen dira gehien»
Kanpotar asko etortzen da Iski­bira, kanpinak edo autokarabana hartuta, uztaila eta abuztuan. «Katalana asko etortzen da, eta Madrileko jendea ere bai. Asko etortzen dira, baita ere, Holandakoak, horiek izango dira gehien etortzen direnak. Edo belgak, frantsesak...»
Lasaitasun bila iristen da jendea, Elizegik dioenez, «in­ter­neten campings tranquilos be­za­la azaltzen da Iskibi, eta ho­rrek erakartzen du kanpotarra».

«Mendi ibilbideak eskaintzen ditugu, ruta megalitikoa, Artikutza, Añarbe, bizikleta bueltak...»

Karabanak urte osoan
Inguruko jendea ez da asko ibiltzen denboraldia bete betean dagoenean, baina bai karabana bertan utzi, eta nahi du­te­nean etorriz. 16 partzela ba­dituzte horrela hartuak, donos­tiarrek, her­naniarrek, elgoibartarrek...
Karabana bertan daukanak urte guztian dauka azaltzea, eta kanpina irailetik maiatzera itxita badago ere, horiek be­raien argia eta partzela erabiltzeko aukera izaten dute, eta pre­zio nahiko merkean, gainera.
Orain asmoa daukate bungalowak edo mobile homeak eskaintzen hasteko.

Putzua, mendi ibilbideak, Añarbe, Artikutza...
Natura da plan nagusia Iskibin, era batera edo bestera. «Putzua hor daukagu, haundia, atsegina  eta patxada ederra daukana. Horrez gain, mendi ibilbideak eskaintzen ditugu, ruta megalitikoa, Artikutza, Añarbe, bizikleta bueltak... eta bestela, oso gustora egiten dute Donostiara bisita ere». Hainbat urtean irekia izan zen pistina berriz irekitzea plateatzen ari dira orain.

Entsalada epela eta oilaskoa
Iskibin bertan topatu dugun Fernando Goiak dio, Iskibi irekia denean, herriari bizia ematen diola. Maiz joaten omen dira beraiek, «tratu oso ona dugu, ia koadrilakoak bezala gara». Elizegiren esanetan, beraiei ere asko laguntzen die goizuetarrek. «Maiz etortzen dira, eta asko laguntzen digute, behar du­gu­netan: BTT lasterketan 20 boluntariotik gora izaten ditugu; eskerrak eman beharrean gaude». Iskibik, taberna eta jatetxe lanak egiten ditu, eta denetik ematen dute, bokatak, hamburgesak, razioak, platerak... «enkarguz berriz, nahi de­na» dio Goiak. Elizegik baietz dio, baina arrakastarik haundiena daukana, «entsalada epe­la eta oilasko errea» omen dira.

«BTT lasterketa urterokoa da, eta aurten, Zerbeza Feria ere egin nahi genuke»

Iskibi  kanpinak ezaugarri bat badu beste askok ez dutena, eta da, ekitaldi pila bat antolatzen dituztela denboraldian zehar, maiatzetik irailera. Mendiko bizikleta BTT lasterketa ezaguna egiten ari da, aurten 5garren aldiz egin dute, eta eguraldi txarra izanagatik, makina bat bizikletazale azaldu da. Maiatza eta ekainean egiten dituzte pare bat ekitaldi, eta irailean besteren bat. Aurten, denboraldi bukaeran Zerbeza Feria egin nahi dutela dio Elizegik, «urteroko ekitaldiak baditugu: barrikotea esaterako, edo BTT lasterketa, izena hartzen ari dena; dokumentalak, an­tzerkiak... globo aerostatiko bat ere ekarri genuen, pailazoak ekarri izan ditugu, eta Euskal Jaia ere urterokoa izaten dugu. Eta aurten, aspaldi buruan ibili dugun jai bat egingo dugu, iraila aldera, Zerbeza Feria egin nahi genuke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!