«Bakarrik egin ezin den kirola da sega, baina nik aita eta anaia ditut, laguntzen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

Gipuzkoako azkartasuneko txapelketa jokatuko du Suharri Irazustabarrenak bihar, 18:00etan Zizurkilgo Areta baserriko belardian. Azkeneko proban baino hobeto ibiltzea espero du, eta lehenengo lauen artean sailkatzea.

Xoxokako festetan hasi zen segan, orain dela 2 urte, Suharri Irazustabarrena, lagun arteko apustu bat medio. Suharri eta Mikel Zumeta, Julen Gabirondo eta Mikel Garaialderen kontra aritu ziren. «Badakizu, parrandako kontuak!».
Handik urtebetera, lehengo urtean, Garaialdek eta Gabi­ron­dok Gipuzkoako txapelketan hartu zuten parte, eta Garaialde finalera ere pasa zen. «Eta nik nire artean, haiek egin badute, nik zergatik ez?», kontatzen du Suharri Irazus­tabarrenak. Ho­rrela, Europako nazioarteko txapelketara joan ziren, Ga­raial­de, Gabirondo eta hirurak: 100 metroko proba, azkarren eta txukunen zeinek moztu. «Le­he­nengo 3 proba egin behar izan genituen Euskal Herrian, baina 30 urtetik beherakoentzat nahiko errazak ziren, eta Europara joan ginen, Tirolera. Han emai­tzak ez ziren izan oso onak, baina oso ondo pasa ge­nu­en. Suitzarrak, alemaniarrak, eslovakiarrak... zeuden. Bi ur­tetik behin egiten da, eta datorren urtean Azpeitian egingo da».

Gipuzkoan, bi modalitatetan
Aurten Gipuzkoako txapelketetan hasi da Irazustabarrena. Orain bi aste Aian izan zen, Gipuzkoako ohiko sega txapelketa jokatzen: ordu erdian, zeinek kilo gehiago moztu. «Zai­lena izan daiteke belarra ez egotea toki guztietan berdinduta. Baina hemen ondo zegoen, ez nuen aitzakiarik. Nerbioekin gaizki ibili nintzen eta ez nuen emaitza onik lortu».
Bihar, berriz, Gipuzkoako az­kartasun proba jokatuko du, hau da, nazioarteko eran: 100 m2 zeinek azkarrago eta txukunago moztu. «Esplosibidadea neurtzen da: 100 metro zeinek azkarrago moztu. Tope, sega bakarrarekin. Aurreneko lauak klasifikatzen dira egunean bertan jokatzen den finalerako, eta hor ibiltzeko asmoa dut. Hiru minuturen bueltan. Beste bi daude onak. Gero, badago 70 urte inguruko bat, nahiko famosoa. Irabaziko ote diogu! Hala ere, txukunena berak mozten du! Lanerako segarik ez dugu erabiltzen. Lehen ttikitatik ikasten zuten, eta oso ondo egiten zuten. Teknikoki orain asko daukagu ikasteko».

«Biharko proban esplosibidadea neurtzen da: 100 metro zeinek azkarrago moztu. Tope, sega bakarrarekin».

Neguan mendian, eta udaberrian larrean
Astean 3-4 bat aldiz entrenatzen duela dio Suharri Irazusta­ba­rre­nak. «Gabonak inguruan hasten naiz entrenatzen, fisikoa, men­dian gora eta behera. Be­la­rra martxo edo apirila inguruan hazten da, eta orduan hasten naiz segan. Astean 3-4 entrenamendu egiten ditut orain».
Teknikoki ikasteko baduela esaten duen arren, zer edo zer azaltzeko ederki moldatzen da: «Sega lurrean ondo asentatu behar da kolpearen aurretik. Ezkerreko hanka aurreratu eta indarra gerriarekin eta gorputz osoarekin egin. Eta gero, fisikoa sartzen da jokoan. Indarra bai, behar da, baina fisikoan egiten dugu kale. Denbora guztian makurtuta aritu behar izaten da. Sekretua: aritu eta aritu!».    

«Sega lurrean ondo asentatu behar da kolpearen aurretik. Ezkerreko hanka aurreratu eta indarra gerriarekin eta gorputz osoarekin egin».

Eta behin sekretuak aipa­tzen hasita, koadrilaren eta batez ere, aitaren eta anaiaren laguntza azpimarratzen ditu: «Bakarrik egin ezin den kirola da sega, baina nik aita eta anaia ditut, laguntzen. Anaia tarteka ere ibiltzen da, eta teknika nik baino gehiago dauka! Oso txukuna da. Baina 10 kolperen ondoren ere, eutsi eta segi egin behar da!».
Gipuzkoako ohiko sega txapelketan aritu zenean, orain de­la bi asteburu, 3 sega erabili be­har zituen, eta hortxe nabari du ingurukoen laguntzaren beharra. «Aita eta anaia izaten ditut segak arrai­tzarekin zo­rroztu eta bueltan emateko. Eta ondoren, beste 8 lagun, moztutako belarra bildu eta pisatzeko».
Entrenatzeko ere «kristoren suertea» duela dio. «Batzuetan zaila izaten da lursailen bat aurkitzea. Batzuek ez dute nahi izaten belarra zuk mozterik, modu honetan, eta horrela edo hala, moztu eta biltzea nahi dutela eta. Baina nik koadrila daukat, beren lursailak uzten dizkidana».

«Lanerako segarik ez dugu erabiltzen. Lehen ttikitatik ikasten zuten, eta oso ondo egiten zuten. Teknikoki orain asko daukagu ikasteko».

«Segak erlikiak bezala zaintzen dituzte»
Nazioarteko eran edo azkartasun proba deitzen zaion horretan sega haundiagoak erabil­tzen dira, 2,60m ingurukoak, eta ohiko proban, 2,30-2,40m ingurukoak. «Herramienta ona lortzen zaila da. Orain hemen ez da egiten, eta Suitzatik ekartzen ditugu. Nork bere sega erabil­tzen du txapelketetan, eta erlikiak bezala zaintzen dituzte. Nik 4 bat dauzkat, fundamentuzkoak. Bixente Mitxelenak utzitako segak dauzkat».

«Bixente Mitxelenak utzitako segak dauzkat».

«Sega, polittena!»
Beste herri-kiroletan ere aritua da Irazustabarrena: zaldi probatan, harri jasotzen... Baina argi du aukeraketa: «Sega, polittena! 100 kiloko harriak beti pixatzen du 100 kilo, baita bukaera aldean ere, nekatuta zaudenean! Segan, nekatuta zaudenean, mantxoago segi dezakezu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!