300 partehartzaile inguru gaur Axeri Bilan

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

Arratsaldeko 17:30etan haurtxo txikien lasterketa hasiko da, 18:00etan gazteena egingo da, eta 18:30etan helduena.

Atzo iluntzean 250 parte­har­tzaile zeuden gaurko laster­ke­tarako izena emanda, baina antolatzaileen esane­tan, «azken momentuan apun­tatzen da jende gehien». Iaz, 295 korrikalari izan ziren.
Haurren artean, berriz, 200 ume inguru apuntatuta zeuden atzo, baina gaur gehiago azaltzea eta horien artean dortsalak banatzea espero dute antolatzaileek.

Haur eta gazteak lehenengo
Lasterketa 0 eta 6 urte bi­tar­teko haurtxoek hasiko dute, 17:30etan, Urbieta kalean. 17:40etan 7-8 urtekoen txan­da izango da (LH 1 eta 2 mailak), eta 17:50etan 9-10 urtekoena (LH 3 eta 4 mailak).
18:00etan gazteak hasiko dira, 11-12 urtekoak (LH 5 eta 6 mai­lak), eta 18:10etan 13-14 urtekoak (DBH 1 eta 2 mai­lak). Hauek Urbieta kalean hasiko dira, Marielutseraino. Errotondan Ave Maria aldera hartu, eta kiroldegira iritsi baino lehen eskubira egingo dute, berriro ere Urbieta kalera igotzeko eta hasierako puntura iristeko.

Urbieta kalea trafikoari itxita egongo da, anbulatoriotik aurrera, 16:30etatik 20:00etara. Gainera, zati horretan ezin izango da aparkatu egun osoan zehar.

Nagusiek, bi buelta
Helduen lasterketa 18:30etan hasiko da Urbieta kalean, eta urteroko itzulia egin beharko dute herrian barrena, bi al­diz. Urbieta kalean hasi, Izpi­zuatik gora hartu, Larra­mendi kalean behera jaitsi, Lizeagatik Atzieta kalera segi, Floridaraino jaitsi, eta buelta hasi Sagastialde Berri auzoan barrena (atletismo pista au­rretik), Antziolara, Marielu­tsera, eta Urbieta kalera joateko. 4,5 km-tako ibilbidea bi aldiz; 9 km.
Korrikalariek txipa eta dortsala jasotzeko denbora izango dute 16:00-18:15 bi­tartean irteera puntuan. Lasterketa bukatuta, 19:30ak inguruan, kopa eta dominak banatu eta sariak zoz­ke­tatuko dira. Ondoren, kirol­degian dutxatzeko aukera izango dute partehartzaile guztiek.

Trafikoan eragina
Lasterketak trafikoan era­gina izango du, eta hainbat ohar eman dituzte.
Batetik, ezin izango da aparkatu egun osoa zehar Urbieta kalean, anbu­la­toriotik Marieluts auzora bitartean. Eta bestetik, zati hori trafikoari itxita egongo da 16:30etatik 20:00etara. Korrikalariak pasatzen di­renean ere, errepide zatiak moztuta egongo dira ibil­bidean zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!