Udan ere, euskera ikasteko aukera

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 21a

AEK euskaltegiak klaseak emango ditu uztaila eta irailean. Aukera zabala izango da: autoikaskuntza, azterketa lantzeko taldeak, mintzamen taldea eta maila baxuko taldeak. Bestalde, txosna jarriko dute Hernaniko San Joanetan, gaurtik hasita.

Ikasturtea bukatutakoan, euskera lantzen jarraitu nahi duenak izango du aukera Astigarragako AEK euskaltegian. Eskaintza zabala prestatu du euskaltegiak uda honetarako. Uztaila eta irailean izango dira klaseak. Autoikaskuntza sistemarekin, EGA edo Haberen urriko azterketak lantzeko aukera izango da. Horrez gain, azterketa lantzeko taldeak izango dira, mintzamen taldea eta maila baxuko taldeak.
Informazio gehiagorako edo izena emateko: astigarraga@aek.org edo 607 592 864/ 607 610 687.

Txosna, Tilosetan
Aurten ere, Hernanialdeko AEKk txosna jarriko du San Joanetan, hau da, gaurtik ostiralera bitarte. Tilos plazan  egongo da 20:00etatik aurrera. Giro onaz eta euskeraz gozatu nahi izanez gero, gerturatzeko dei egin dute.

Hitzkideei omenaldia
Pasa den ostiralean, Astiga­rragako AEKk Hitzkideei omenaldia egin zien ikasturtean zehar egindako lana eskertzeko. Oso giro ona izan zela nabarmendu dute, trikitilarien eta bideo baten laguntzaz egin zieten omenaldia irakasle eta ikasleek. Horrez gain, irakasleek bertso bat ere eskaini zieten. Irakasle zein ikasleek euren arteko harremana estutu zuten urteko oroitzapenak gogora ekarriz, baita dantza eta kantu ugari eginaz ere.
Datorren ikasturte hasieran, berriro hasiera emango zaio Hitzkide kanpainari eta aurtengoa bezain urte ona izatea espero dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!