«Udalaren zorra txikia da, krisiari aurre egiteko aproposa»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

Udalak %5eko zorra dauka, Gipuzkoan batez beste %45eko zorra daukate. Udalak 3,2 miloiko remanentearekin itxi zuen 2013 urtea.

Iazko aurrekontuak itxita, gustora dago Gobernu taldea, Udalaren egoera ekonomikoarekin. Zor bizia txikia da, beste herriekin konparatuta, eta aurreko urteetatik pilatu den diru kopurua (gerakina edo remanentea) 3,2 miloikoa. Egoera horretan, Gobernu taldeak uste du krisi garai baterako egoera nahiko onean da­goela Hernaniko Udala, «inbertsioei aurre egin ahal izateko eta gastu soziala mantentzeko».
Joan den astean eman zituzten azalpenak Udale­txe­an, Aitor Miner ogasun zinegotziak, Aitor Sarasola kontu hartzaileak, eta Bego Zuza Gobernu taldeko kideak.

Zor bizia, 75 euro, herritar bakoitzeko
2010etik jaitsi egin da Uda­la­ren zor bizia. 2010ean 3,1 miloi euroko zorra zuen, herritar bakoi­tzeko 164 euro. Geroztik behera egin du, eta 2013an 1,46 miloi euroko zorra zuen, herritar bakoitzeko 75 euro inguru, eta aurrekontuaren %5.
Gipuzkoako gainerako he­rriak %45 inguruan dabiltza, eta hernaniren neurriko he­rriak %20 inguruan. Inguruko he­rrien azpitik dago Her­naniko zorra, Andoain %19,5, Lasarte-Oria %16,7, eta Usurbil %24,6.

2014ko aurrekontu definitiboa igo egin da
Pilatutako dirua, gerakina edo remanentea, 2013a bukatuta, 3,2 miloi eurokoa da. Batez ere 2012an pilatu zen diru gehien, 3 miloi euro inguru, Gastuak kontrolatzeko hartutako neurriak batetik eta Galarretako Orona Ideoko obrak direla eta bestetik. 2013an ere Fondo Forala esaten zaionetik urtean zehar aurreikusi baino diru gehiago sartu zen, eta horrela, 3,2 milioi euroko gerakinarekin itxi zen urtea.
Diru horretatik 1,6 miloi inguru 2014ko aurrekontuan sartu ditu Udalak, aurrenkontu definitiboa igo egin da, 25 mi­loitik, 27 miloi eurora (Ongintza Patronatua kontuan hartuta 30 miloi). Hasieran ez zeuden hainbat inbertsio berri sartu dira maiatzean 2014ko aurrekon­tuan. Hauexek (euro­tan): kiroldegiko larrialdi irteera (12.000), Gabriel Zelaia eraikina egokitzea (30.000), Lizeaga 1-26 arteko ur tomaren tuboa aldatzea (51.000), kontadoreak aldatu eta berriak jar­tzea (25.000), Elo­rrabiko zubia (75.000), Konpost komunitarioa egiteko materiala (50.000), Igerilekuko tabernako bigarren fasea (55.000), Hondakinen kudeaketan ho­be­kuntzak (30.000), leihatila bakarra jar­tzeko egokitze la­nak (90.000).
Datozen urteetarako 1,5 miloi euroko gerakina dauka Udalak, eta Minerrek adierazi zuenez, remanentea gutxienez miloi bat euro inguruan mantentzea komeni da diru sarrera jaitsierei edo ez ohiko gastuei erantzun ahal izateko, aurrekontua desorekatu gabe.

Urte batetik bestera geratu den diruarekin, 2014ko aurrekontuari hainbat inbertsio gehitu zaizkio, eta 25 miloitik 27 miloira pasa da.
Gobernu taldeak uste du urtero 500.000 euro izango direla aurrekontu partehartzaileetan erabakitzeko.

IBIrako dirulaguntzak eta aurrekontu parte hartzaileak
Egoera honetan, eta aurrera ere mantentzeko asmoarekin, Uda­lak hainbat erabaki hartu ditu. Batetik, aurrekontu parte hartzaileen prozesurako 500.000 euro jarri ditu; horiek zertan gastatuko diren herritarrek erabakiko dute. Horren gainean galdetuta, Minerrek adierazi zuen kopuru hori urtero mantentzea posible ikusten zuela, «ustez urtero mantendu ahal izango den diru kopurua jarri dugu».
Hartu duten beste erabaki bat da, OHZ edo IBI zerga or­daintzeko diru laguntzak ematea, diru sarrera bajuak dituzten herritarrei. Horreta­rako eskaerak egin beharko dira.
Ura eta hondakinen tasak ordaintzeko dirulaguntzak ere herritar gehiagok jasoko dituzte, laguntza eskatzeko diru sarrera mugak igo egin baitira.
Gobernu taldearen iritziz, Udalak gastuetan kudeaketa zorrotza egin du, diru sarrerek izan duten bilakaerara egokitua. Zor bajua izateak gastu sozialari eusteko aukera eman du, eta funtsean, «hernaniarrentzat herri hobeago bat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!