Gaur itzaliko dute suziri olinpikoaren sua

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

Goizeko 10:00etan jarri dute zita, Tilosetan, proba 10:30etan hasi ahal izateko. Gaurkoan, taldeek elkarlanean aritu beharko dute ginkanan, binaka, paellarako osagaiak lortzeko. Gero, sua egiten asmatu beharko dute, bazkaldu nahi badute. Sari banaketa eta Olinpiaden bukaera ekitaldia, berriz, 16:00ak aldera izango dira.

Iritsi da Hernaniko Gazte Olinpiaden azken eguna. Ia bi hilabetetan zehar 10 proba antolatu dituzte, eta gaurkoa izango da azkenekoa.
Herri osoa jarri dute dan­tzan jokoetan parte hartu duten 22 taldeek. Denetik egin dute: O faktorea eta pintxo lehiaketa, patin lasterketa, kuadriga lasterketa, ginkana erraldoia, hori umorea, boleibola, boxley ikusgarria, pin pon eta saskibaloi txapelketak eta triatloi olinpikoa.
Gaur, berriz, bazkaritarako paella egitea izango da kontua. Baina ez da izango, hasiera batean ematen duen bezain erraza!

Sua egiteko antolatzaileek emandakoarekin konpondu beharko dute: metxero baten harria, lastoa eta papera.

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da sari banaketa eta Olinpiaden amaiera ekitaldia. Segidan, elektrotxarangarekin herrian barrena ibiliko dira, San Joan giroan murgiltzen.

Ginkana, osagaiak lortzeko
Zita goizeko 10:00etan jarri dute, Tilosetan. Eguraldia txartuz gero, Atsegindegira joango dira. Eguneko probaren helburua izango da bazkaritarako paella prestatzea. Baina antolatzaileek ez dituzte gauzak erraztu.
Batetik, taldeek elkartu egin beharko dute, binaka. Horrela, binaka parte hartzen ari den talde banatako sukaldari bana izendatu beharko dute, eta hau Tilosetan geldituko da, zain, taldekideek lanean hasteko beharrezkoak diren osagaiak noiz ekarriko.
10 taldekideren lana izango da osagaiak lortzea. Ginakana moduko batean hainbat proba gainditu beharko dituzte, banan-banan, osagai guztiak lortzeko: arroza, piperrak... Probak nolakoak diren, ordea, ez dute aurretik azaldu nahi izan. «Sorpresa!».
Eguerdiko 12:30ak arteko epea izango dute ginkanako jokuak gainditu eta osagaiak lortzeko. Hurrengo lana, sua lortzea izango da. Horretarako, antolatzaileek emandakoarekin konpondu beharko dute; ez poxpolo, ez butano eta ez me­txero. Talde bakoitzak eskura izango dituen tresna bakarrak izango dira metxero baten harria, lastoa eta papera. Abilena denak lortuko du bazkaria prestatzen garaiz hastea, eta tripa-zorriei aurre egitea. Lortzen ez dutenek antolatzaileek jarritako kafe eta kopekin konformatu beharko dute.

Arratsaldean itzaliko da suziria
Olinpiaden bukaera ekitaldia arratsaldeko 16:00etan hasiko da. Lehenengo sari banaketa egingo da, eta segidan, ekitaldia. Suziria itzaliko dute, gutxi­enez, hemendik bi urtera arte.
Hala ere, San Joanak iristear daudela nabari da, eta suziritik San Joan surako saltoa egiten saiatuko da bat baino gehiago. Izan ere, ekitaldia bukatuta elektrotxarangarekin ibiliko dira herrian barrena, bakoitzak agoantatzen duen arte!

2014ko Olinpiadetako errepaso txikia:

  • Apirilaren 26an hasi ziren Olinpiadak, pintxandartea (pintxoak eta estandarteak egitea), eta O faktorea probekin.
  • Guztira, 22 taldek hartu dute parte; 400 pertsona inguru.
  • Aurtengoan, azken Olinpiadetan baino zauritu gutxiago izan da: hankaren bat koadriga lasterketan, eta kokots eta sorbaldaren bat, ginkana erraldoiean
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!