San Joan Zortzikoaren erritmora piztuko dute sua

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 21a, 02:00

San Joan bezperarekin bat, astelehen gauean egingo da San Joan sua. 22:30etan izango da, Foru plazan. Ondoren, zezensuzkoa aterako da.

Ekainak 21, gaur da udako solstizioa, urteko gaurik motzena eta egunik luzeena. Gaurtik aurrera, egunak mozten hasiko dira. Hori horrela, eguzkia lagundu, gurtu eta lurrari eskerrak emateko sua egiten zuten gure arbasoek. Garai bateko erritu horiek ez dute esanahi bera gaur egun, baina sua egiteko ohiturak bizirik jarraitzen du. San Joan bezperarekin bat, San Joan sua egin ohi da Euskal Herriko txoko gehienetan eta Astigarragan ere ez da faltako. Foru plazan izango da, 22:30etatik aurrera. Sua piztu aurretik, San Joan Zortzikoa dantzatuko dute Astigarreko dantzariek. Eta arratsaldeko 19:30etan, San Joan Zortzikoaren erritmora kalez kale ibiltzeko aukera ere izango da Txirriskla elkarteko txistulariekin. 23:00etan zezensuzkoa aterako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!