Ereñotzuko Auzo Udalak rokodromo bat jarri du pelotalekuan. Azaldu dutenez, batez ere, helburua da auzoko umeek beste kirol bat probatu eta ezagutzea, ohiko kirolez gain. Dena dela, ez da umeentzat bakarrik, nahi duten helduek ere badute bertan ibiltzeko aukera; irekia da.
Frontisean, bide bat dago, 12 bat metrokoa. Bide hau da zailena eta 6a mailako bidea ere egin daiteke harri moreak bakarrik jarraituta. Frontisaren atzean, berriz, beste lau bide daude. Bide horiek errazagoak dira, umeentzako egokiak. Boulder txiki bat ere badago bertan.
Ikastaro bat antolatzeko asmoa uztailan
Ume edo gaztetxoei zuzendutako ikastaro bat antolatzeko asmoa dute. Uztailean egin nahi dute hasiera batean, baina oraindik zehazteko dago. Udalekuen barruan ere, ekintzetako bat izango da eskalada. Aste batean, hiru egunez ariko dira.
Bizibizikiren bidez
Bizibizikiren bidez egin du rokodromoa Auzo Udalak. Aurreko astean jarri zuten ia dena, nahiz eta azken detaile batzuk aste honetan jarri.
Umeek interes haundiarekin jarraitu omen dute rokodromoa jartzeko lanak eta gustora ibiliko direla uste dute. Zenbait helduk ere azaldu dute gogoa ikastaro edo saioren bat egiteko. Gainera, baten batek estreinatu du dagoeneko frontiseko bidea, presoen banderola jarria baitago.
Arnes batzuk eskura
Badakite akok ez dutela eskaladako materiala izango eta umeentzako arnes batzuk erosteko asmoa dute, besteak beste.