Azkenean bai, eraikin berria izango du Hernani Institutuak. Proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta 2015eko aurrekontuetan, partida bat gordeko du horretarako. 2017-2018 ikasturterako izango da martxan, prozesua aurreikusita bezala burutzen bada.
2014-2015 urteetan eramango da aurrera prozedura administratiboa. Urte bukaeran, iraila eta abendua bitartean, obrak adjudikatzeko lehiaketaren irizpideak zehaztuko dira. Ondoren, konkurtsoa Gipuzkoako boletinean argitaratuko da, eta enpresek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko.
Obra hasiera, 2015 bukaeran
Krisi garaia medio, enpresa asko aurkeztuko direla aurreikusten du Udalak; eta ondorioz, aurreneko fase hori urte eta erdi luzatu liteke. Izan ere, behin behineko aukeraketa egingo da lehendabizi; errekurtso eta ebazpenetarako tartea izango da ondoren; eta azkenik, behin betiko adjudikazio jakinaraziko da. Beraz, 2015 amaieran hasiko lirateke obrak. Lanak urte eta erdiz luzatuko dira, eta eraikin berria 2017rako egongo litzateke prest.
Herriarentzat, «oso onuragarria»
Pozik azaldu da Hernaniko Udala onarpenarekin. Institutuak eraikin berria izatea oso onuragarria dela uste du Kistiñe Lujanbiok, Hezkuntza eta Enplegu zinegotziak: «Iazko aurrekontuetan sartu zuten, baina bat-batean ezezkoa eman ziguten». Beraz, oinarrizko proiektua, besteak beste, eginda dago.
Eraikin berriari dagokionean, jangela bat izango duela aurreikusten da, baina ez sukalderik. Hori da Udalaren eskaera, «garrantzitsua baita haurrek bertan egindakoa jatea».