Bigarren urtez txosna jarriko du San Joan jaietan Doberak eta Hernaniko Kronikak. Joan den urtean eguneroko Kronika inprimatzen duen multikopista hondatu eta erosteko premia sortu zen. Dirua lortze aldera, txosna jarri zen San Joanetan, eta 2.348 euro lortu ziren. Multikopista berria ekarri bazen ere, ez zen behar zen diru guztia lortu, 9.000 euro. Ordainketak sortutako zuloari aurre egiteko txosna jarriko da aurten ere.
Dobera-Kronikak boluntarioen laguntza asko estimatuko luke: txosnako txandak beteta, edo gosaritarako bizkotxo, madalena, opila eta bestelakoak jasota...
Txosnaren ordutegia ondorengoa izango da: gosariak 05:00tatik 10:00etara (ekainak 22-27); eta afariak 20:00etatik 00:00etara (ekainak 21-26).
Izen ematea, lehenbailehen
Lagundu nahi duten herritar eta bazkideek lehenbailehen eman behar dute izena Kronika edo Doberako bulegoan, 943 33 08 99 telefonora deituta edo kronika@kronika.net helbidera idatzita.