Erronka zaila zuen Hernanik. Final laurdenetako bueltako partidua zuen jokoan, Oiartzunen kontra, eta 2-1eko markagailuari eman behar zion buelta. Ezin izan zuten. Hernanik hiru partiduak galdu zituen, eta Oiartzunek egin zuen aurrera, 5-1eko partzialarekin.
Kadetetan, Agirre eta Arizmendik 22-12 galdu zuten Sein eta Etxeberriaren kontra. Pagola aurrelari hernaniarraren baja asko sumatu zen, eta Oiartzun nagusi izan zen hasieratik.
Jubeniletan, Cisneros eta Rodriguezek 22-10 galdu zuten. Partidu serio eta gogorra jokatu zuten oiartzuarrek, eta nagusi direla erakutsi zuten partidu osoan.
Seniorretako partidua izan zen berdinduena. Urkizu eta Lizeagak jokatu zuten, Ugalde eta Imazen kontra, eta 22-18 galdu zuten. Partidu ona jokatu zuen Hernaniko bikoteak, eta irabazteko zorian ere izan ziren. Aipatzekoa da Urkizu aurrelariak jokatu zuen partidu ona, aurrenekoa baitzuen Herriartekoan, senior gisa.
«Eskerrik asko, zale guztiei»
Pelota elkartetik eskerrak eman nahi dizkiete zale guztiei, herriarteko bi kanporaketetan pelotariak gogoz animatu dituztelako. Aurrerantzean ere, pelotalekura gerturatzeko gonbitea luzatu diete «izan ere, frontoi gutxitan ikusi liteke halako nibela».