Nabari da San Joanak gainean direla. Astebururako barrakak martxan izango dira, Karabelen. Ekitaldi ezberdinetan parte hartu nahi dutenek ere, orain dute izena emateko garaia. Udalean bandera igoera eta jaitsiera ikusteko izen ematea dago, eta gaur da azkeneko eguna: Udal erregistroan edo www.hernani.net webgunean.
Axeri Bilan, izen ematea
Larunbat honetan izango da Axeri Bila lasterketa. Haurrentzako proba 17:30etan hasiko da, eta CD Hernani atletismo taldearen lokalean eman behar da izena, ostiralera arte. Doan da.
Helduentzako proba, berriz, 18:30etan egingo da. Izena ematea www.kirolprobak.com webgunean egin behar da, ostiralera arte. Egunean bertan ere izango da aukera, irteeran.
Kantaitarako azken entsaioa, bihar
Bihar izango da, 20:15etan, San Joan kantaitarako azken entsaioa, Biteriko plazan. Eguraldi txarra bada, berriz, Atsegindegin egingo dute.
Koadrila Eguneko bazkariko txatelak, salgai
Jarri dituzte salgai Koadrila Eguneko bazkarirako txartelak. Garinen erosi daitezke, 10 euroan.
Kaleko Eskubaloi txapelketa, aurreneko aldiz
Lehenengo aldiz egingo da San Joanetan Kaleko Eskubaloi txapelketa. Aurrez eman behar zen izena. Ostiralean, senior, beterano eta koadrilen kanporaketak izango dira. Alebin, infantil, kadete eta jubenilek, larunbatean jokatuko dute, Tilosetan. Eta finalak hilaren 24 eta 27an jokatuko dira.