Sube gorriya baino gaiztoagoa, berari zaion izua

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 13a, 02:00

Gutxi dira sube gorriya izenez ezagutzen ez dutenak, ikusi gabeak zenbait izango badira ere. Hemengo subeetan, pozoia daukan bakarra da, nahiz eta kasu oso gutxitan heltzen dion gizakiari.

Anfibio eta narrastiak - 5. fitxa: vipera seoanei: Sube gorriya

Urte bakarrean berrogeitik gora txakur hil omen zituen, garai batean. Inongo etsairik haundienari hots egiteko erabiltzen den hitza; izana baino izen haundiagoa duena, baina kondairaz bete ditu gure sukaldeak, eta horrek egin du bere destinua hain gaizto. Asko dira gizakiaren eskutik hiltzen direnak.

Pozoia daukan bakarra
Hemengo subeetan pozoia daukan bakarra, eta heldu gaiztokoa. Gaur egun bizitza galtzeko arriskurik ez du gizakiak he­men, behar den garaian ospitalera joanez gero. Gainera oso kasu gutxitan heltzen dio gizakiari. Beldurtia izaki, aldegiteko joera du, edo bestela txistu hots batean hasiko da, bere burua salatuz.
Sube gorriya esaten zaio Hernanin, euskera batuan ere tankeran, suge gorria, eta izen zientifikoa Vipera seoanei. Kantauriko sube gorriya da, mota berezi bat, endemismo bat, Iberiar Penintsulan. Her­nanin arrunta da, eta nahiko zabaldua dago herri guztian. Bertan-goxo egiten duen animalia; behin leku batean sube gorriya ikusiz gero, arrisku latza hurrengoan ere hantxe ikusteko. Baso inguruetan, belaze eta basoaren mugan, sastraketan edo baserri inguruetan. Odol hotzekoa denez, leku eguzkitsuen bila ibili ohi da beti, argi bila, batzuetan sastraka bajuetan igota ikusi izan da.

Xagu eta satitsuen etsai
Gorrizta izaten da, marroi argi antzekoa, eta gainean marra ilun bat, burutik isatsera, joan etorrian, sigi-saga eginez. Itsats motxa eta itsats punta naranja. Gehienetan 50 cm ez dituzte pasatzen, nahiz eta 60koak ere ikusten diren. Emeak haundiagoak izaten dira normalean.
Baina sube gorriya bistara bereizteko buruari begiratu. Burua hiruki forman, eta begiak, begietako niniak goitik beherako forman.
Denek beldur diotenez, ezkutuan egon beste erremediorik ez du. Zelatan egoten da, eta ehiza pasatzean pozoindu egingo du. Xaguak eta satitxuak jango ditu, eta orokorrean ugaztun txikiak, eta baita anfibio, narrasti eta txoriak ere. Martxoan hasi eta urria bitarte, karraskariek izu batean bizi beharko dute, eta gainerako hilabeteetan lasaiago, etsai gogor bat gutxiago izango dutelako, hibernazio garaian.

«Sube gorriyak umiak zuzenian egiten ditu, eta sube bel­tzak arrautzak»
Zaion izuagatik edo, hernaniarrek ondo ezagutzen dute sube gorriya. «Sube gorriyak umiak zuzenian egiten ditu, eta sube beltzak arrautzak». Hori diote Hernaniko hainbat baserritan, eta halaxe omen da, biologoek diotenez. «Hemen dan txarrena» dela, edo kasurik egiten ez bazaio ez duela arriskurik diote batzuk, eta gogorra, baita ere, garai batean, urte bakarrean berrogeitik gora txakur hil zituenekoa.
Gizakiek sube gorri asko hiltzen dituzte urtean, ikusi eta izututa, edo baserriko makinariarekin ere asko galtzen dira. Onurik ez duelakoan daude asko, baina zenbait espezie galtzeko-eta ez da animalia txarra. Ikusiz gero, gozatu, baina ez behatzik arrimatu, badaezpada ere.

FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!