Argindar posteetako kableak kentzea izan zen goizeko 06:00etan egin zuten lehenengo lana. Ondoren, bi kamioik gainean hartu zuten zubi berriaren estruktura, bakoitzak alde batetik.
Bi kamioi horiek mugitu zuten Karabeleko zubi berriaren estrukutra lehengo zubi zaharraren gainera eraman arte. Bertan, errioaren alde banatan zeuden gruetara zintzilikatu zen zubia, eta airean eraman zen bere behin betiko tokira. Eguerdiko 11:50etan bukatu ziren lanak, eta segidan hasi ziren errepidea eta ingurua konpontzeko lanetan. Trafikoa ere martxan zegoen 12:30etarako.
Argi postea eta zubi zaharreko baranda, arazo
Espero ez ziren ezusteko batzuek lanak atzeratu zituzten zertxobait. Argindar poste batetik fokoak kendu behar izan zituzten, eta zubia eusten zuten bi kamioiek hainbat maniobra egin behar izan zituzten, zubia pasa ahal izateko. Bestalde, zubi zaharraren baranda ere kendu egin behar izan zuten.
Irailerako prest
Zubi berria jartzea sartuta dago uholdeen aurkako planean; Ura Agentziak, Eusko Jaurlaritzak eta Hernani, Astigarraga eta Donostiako Udalek hitzartua.
Orain hirigintza lanak falta dira: tuboak, asfaltoa... Irailerako martxan egongo da.
Ikaragarrizko ikusmina, herritarren artean
Goizean goizetik sortu zuen ikusmina Karabeleko zubi berriak. Herritarren segurtasuna bermatzeko errepidea eta zubiaren ingurua itxi egin zituzten.
Hala ere, asko izan ziren Karabeleko zubi berria nola kolokatzen zuten ikustera gerturatu ziren herritarrak. Eta haien artean ez ziren ez denak jubilatuak!