Atzo lan txukuna eginda, gaur beste estropada dute jokoan 4 batelek

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 15a, 02:00

Gipuzkoako Udaberriko Batel Ligako jardunaldia jokatu zen atzo Elorrabin, Fermin Etxe­berriaren VII. Oroimeneko probarekin batean. Infantil eta kadete mailako batelak atera ziren lehiara, eta Hernaniko 4 batel ibili ziren Urumean barrena. Finalerako sailkatzea lortu ez bazuten ere, hernaniarrek lan txukuna egin zuten. Infantil mailako mutilek, kadete mailako neskek eta kadete mutilek 3garren bukatu zuten beren kategorian. Baina denetan finen ibili zen kluba Tolosakoa izan zen. Beraiek izan ziren Infantil nesken eta infantil mutilen artean txapeldun, eta baita kadete mailako nesken artean ere. Katede mailako mutilen bateletan, berriz, Zarautz izan zen azkarrena. Festa giroan estropadari amaiera emateko, jubenil-senior mailan aritzen diren Hernaniko bi batelek bien arteko estropada egin zuten, Ligatik kanpo, kadete mailara artekoa baitzen hura. Ikuskizun polita eman zuten, eta segundu erdiko aldea besterik ez zion atera batel batek besteari.

Atzoko jardunaldia bukatuta, gaur beste bat jokatuko dute, Udaberriko Batel Ligan. Goizeko 11:00etan izango da, Trintxerpen. Asteburu hau pasata, bakarra gelditzen da Liga bukatzeko. Hurrengo bi estropadekin bukatuko da denboraldia. Lan txukuna egiten ari dira aurten Hernaniko batelak, eta denboraldia bukatzerako helburuak bete di­tuzte: ondo pasa, ikasi eta hobetzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!