Gero eta naturzale gehiago ari dira Hernanira etortzen, bertako natur ondareak erakarrita. Granadako ikerlari talde bat Hernanin izan zen 2011n Europan mehatxatuta dagoen landare bat ikertzen, eta orain gutxi Kantauri osoko mendi arrobiyua ikertzen ari zen zientzialari batek Usokoerrekako mendi-arrobiyua aztertu zuen, bere lanerako. Horri erantsi behar zaizkio beste hainbat ikerlan, edo Epeleko putzu berrian, Zepadin, pasa diren hernaniar guztiak eta gero eta gehiago datozen kanpoko naturzaleak. Turismo mota berri bat dela esan liteke, natura turismoa, itxura guztien arabera oraindik dezente hazi daitekeena.
Ezagutzetik ezagutu araztera
Ez da oraintxe esana, ingurua ezagutzeak ingurua maitatzea dakarkiela, eta ingurua maitatzeak babestea. Hernanin tankerako bidea egin da. 2007ra arte apenas zegoen inon bildua Hernanin ze fauna eta flora zegoen. Hernaniko Udalak eta Aranzadik urte hartan aztertu zuten Hernaniko Natur Ondarea, Iñaki Sanz-Azkue eta Ibai Olariagaren eskutik. 2008an Udalsarea 21 lehiaketan saritu zuten lan hura. Hortik jakin zen, adibidez, Ereñotzun bazirela 7 landare mota, Europan mehatxatuta zeudenak, eta lan hura artikulu zientifiko moduan zabaldu zen mundura.
Natura aldetik zer dagoen ikertu delako, posible izan da Hernaniko Ibilbide Sarea horren arabera egitea, eta jende asko erakarri du sareak. Lehendik babestuta zegoen eremuari erreka berriak erantsi zaizkio, eta babes maila igotzeko eskaera Eusko Jaurlaritzan dago. Granadako ikerlariak etorri dira Trichomanes speciosum inistorra ikertzera. Ikertu dute baita ere Ereñotzuko mendi-arrobiyua (Salamandra salamandra), eta baita Ereñotzuko ur-arrobiyua edo lauhankekua ere (Lissotriton helveticus), eta zapua (Bufo spinosus) eta zapottikiya (Alytes obstetricans)... Orain gutxi Aranzadiko kideek ingel berdia (Pelophylax perezi) aztertu dute... Amorraia (Salmo trutta) ikertzeko asmoa ere azaldu dute...
Natura aldetik zer dagoen ikertu delako, posible izan da adibidez, herriko
Ibilbide Sarea horren arabera egitea, edo erreka gehiago babesteko eskaera egitea.
Herritarren inplikazioa
Horrek guztiak erakutsita, ikusi zen Epeleko Zepadin putzu bat egin zitekeela, anfibio eta narrastien babeserako. Eta era berean, lan horrek balio zezakeela herritarrei erakusteko inguruan zer zeukaten. Ziraba proiektua sortu zen hortik, eta Txirrita eskolak unitate didaktikoa egin du urte guztian zehar. Hernaniko euskeran erabiltzen diren hitzak ere bildu dira, eta bertako anfibio eta narrastien berri ematen ari da Kronika. Zepadiko putzuan dagoeneko ikusi dituzte ingela gorri eta berdiak, lauhankekuak, mendi-arrobiyuak, zapuak eta zapottikiyak, muskarrak, subiak... Eta horrek guztiak ohiartzuna izan du prentsa idatzian, telebistan eta irratian.
Bidali argazkia, eta zozketa batean sartuko zara
Hernaniko fauna eta florari buruzko informazioa gora dijoa. Anfibio eta narrastiei buruzko 600 zita bildu dira dagoeneko, eta hori haunditzea da Ziraba proiektuaren nahia. Horretarako, anfibio eta narrastien bi gida zozketatuko dira argazkiak bidaltzen dituztenen artean. Argazkiak anfio edo narrastiena izan behar du, non ikusi den zehaztu behar da, eta norberaren izen-abizenak jarrita bidali behar da, bi modu aukeran: facebookeko orriaren bidez, edo email bidez: zirabaproiektua@gmail.com.