Ingurumenarekin arduraz jokatzen duzula diote herrian, ekologista deitzea egokia al da?
Bai, nire burua ekologistatzat dut, nahiz eta fama txarreko hitza izan nekazal giroko herrietan (barrez). Batez ere, ez delako ongi ezagutzen zer den. Eta baita, kanpotik etorritako ideia delako. Horrek sortu ditu prejuizioak. Gainera, ekologismoarekin, leku askotan ez dira ohiturak errespetatu, borondate onenarekin egin arren, eta hor hanka sartu da.
Hala ere, argi esango dut, ez naizela ekologista integrala. Bi kotxe baditugu (parrez). Badakit gizarte honetan bizi naizela. Badakit ez garela orain dela 80 urte bezala bizi, eta ez da nahi dudana. Nik uste dudana da, azeleradorea askatu behar dugula pixka bat.
Zer da zuretzat ekologista izatea?
Egia esan, mugimendu zabala da, eta niretzat, bizimodu bat. Bizitzarekiko filosofia bat. Ekologismoan, dena naturaren inguruan mugitzen da. Batzuk esaten dute ez dela mugimendu humanista bat, baina niretzako kontrakoa da. Gizakia animalia dela kontuan izanik, ulertu behar dugu guk ere osatzen dugula gure ekosistema. Eta oreka mantentzea lortzen badugu, alaiagoak eta zoriontsuagoak izanen gara. Natura errespetatzea da oinarria. Planeta pikutara badoa, gu ere bai. Batzuk badute horren aurrean kontrako jarrera: «Joan behar badu, joan dadila». Ekologistok, ordea, ez dugu hori nahi. Horregatik diot filosofia humanoagoa dela.
Mugarik gabe hazten jarraitu behar hori, liberalismo ekonomikoaren ondorio da. Hori kontsumoan oinarritua dago. Ekologismoak ez du onartzen sistema hori. Etengabe hazteko, etengabe materiala behar da eta planeta finitoa da. Eta arazoa ez da zibilizazioa bukatuko dela. Kontua da, ez garela ongi bizi. Orokorrean, jende gehiago dago gaizki bizi dena. Bizi kalitatea nahasten dugu bizi mailarekin. Maila altua dugu, baina kalitaterik ez.
«Idealizatuta neuzkan nekazal giroko herri txikiak eta Aranon denak ‘guruak’ bezala ziren niretzat hasieran»
Beti izan al duzu naturarekiko begirune hori?
Ni eta nire bikotea ez gara Aranon jaioak. Donostiatik etorri ginen orain dela 20 urte. Mendizaleak gara eta hasiera batean, mendi bila etorri ginen. Baratza egitea zer zen ez genekien orduan, baina pixkanaka gauzak ikasten joan gara. Nik idealizatuta neuzkan nekazal giroko herri txikiak eta niretzat Aranon denak “guruak” bezala ziren hasieran. Eta Roke zena, herriko gizon jakintsua zen. Bere filosofia asko gustatzen zitzaidan. Ez nuen sekula erloju batekin ikusi. Lasai bizi zen eta bi baratza mantentzen zituen.
Hasieran mendiagatik etorri ginen, baina pixkanaka bizitza ikusteko beste modu bat garatzen joan gara, natura eta ekologismoa oinarri hartuta.
Baratza egiten duzue orduan. Ekologikoa izanen dela pentsatzen dut.
Bai, halaxe da. Produktu kimikoak sartu dizkigute azken urteetan, baina badaude neurri naturalak gaitzei eta plagei aurre egiteko, lurra kutsatu gabe. Eta saiatzen naiz hori zabaltzen besteei ere, baina zaila da. Hemen gertatu izan zait. Ikusi baserritar bat pozoia botatzen bareen aurka eta esan horren ordez, kafe hondarrak erabiltzeko, baina ez sinestu. Baratza ekologiko batean loreak egotea ere garrantzitsua da eta landare bakoitzak bere funtzioa du. Baratza ekologikoan ez dago belar txarrik. Consuelda (Symphytum officinale) landarea ere badut, adibidez. Potasio asko duen landarea da, txikituta lurrean botatzeko egokia.
Baina orokorrean, askok beldurra dute gauza berriak probatzeko. Pentsatzen dute, ez dutela emaitza bera lortuko. Produktu kimiko horiek bere garaian ongi jakin zuten saltzen eta orain dependentzia bat sortu dute. Orain helburua da, ahalik eta barazki haundiena eta politena lortzea, batere intsekturik gabe.
Produktu ekologikoak gero eta gehiago entzuten dira.
Ekologikoa izatea, marketing munduan erakargarria da gaur egun. Hortik bidea ikusi dute negozioa egiteko eta amorrazioa ematen dit. Askotan, baserriko produktuak naturalak direla esaten dute, baina baserrikoak izateagatik ez du esan nahi naturalak direnik. Eta agian, Txinatik datorren produktu bat ekologikoa dela esaten dute, baina hori ez da ekologikoa. Izatekotan, biologikoa izanen da, produktu kimikorik gabea, baina honaino ekartzeko egin behar diren kilometroak kontuan hartuta, ekologikoa ez da. Ekologismoa aprobetxatzen dute ere, energia enpresek. Eskaintzen duten energia ekologikoa dela diote, eta lasai kontsumitzeko. Baina ekologikoa litzateke, energia gutxiago kontsumitu behar dela esatea.
«Hemen ez dauzkagun produktuak Otarra bioelkartetik lortzen ditugu»
Jaten duzuen guztia, ekologikoa al da?
Produktu ekologikoen elkarte bateko kide ere bagara, Otarra elkartekoak. Hernanin sortu zen eta orain Martutenen dago. Guk ez dauzkagun produktuak bertatik lortzen ditugu. Eta esan daiteke, %95ean produktu ekologikoak jaten ditugula.
Osasuntsuagoa delako?
Osasunaren aldetik garrantzitsua da, baina niretzat filosofia zabalagoa da horren atzean dagoena. Gero eta jende gehiagok kontsumitu produktu ekologikoak, gero eta gehiago landuko da modu horretan lurra, eta ondorioz, portzentaia altuagoa egonen da babestua, hau da, kutsatu gabe.
Horrez gain, gure elkartean saiatzen gara produktuak ahalik eta gertukoenak izaten, ahalik eta gutxien kutsatzeko. Eta harremanak estutzeko ere balio du nekazarien eta kontsumitzaileen artean. Bisitak egiten ditugu, ezagutu egiten gara... Garrantzi haundia du zer jaten dugun.
Energia berriztagarrien alde ere egin duzue. Eguzki plakak dituzue.
Ura berotzeko bakarrik erabiltzen dugu. Balance neto izeneko modeloa jarri nahi genuen, argi indar sarerako. Sistema honekin, behar duzuna baino energia gehiago sortzen duzunean, sobran duzun energia hori sare elektrikora joaten da; eta sortu duzuna baino gehiago behar duzunean, saretik hartzen duzu. Hori horrela, batzuetan fakturan deskontatu egiten dute eta beste batzuetan diferentzia ordaitzen duzu. Sarea ere egonkorragoa da sistema honekin, egokiagoa. Baina Gobernu honek ez du uzten sistema hori jartzen, energia enpresei ez zaielako interesatzen.
Eguzki labe bat ere ba omen duzue.
Eguzkiaren energiarekin, berotegi efektuaren bidez funtzionatzen du eta 125 gradutara iristen da tenperatura. Bat egitekotan egon nintzen, baina azkenean, Hernanin erosi nuen. Tomatea deshidratatzeko erabiltzen dugu askotan eta mermeladak egiteko ere bai.
Hondakinei dagokienean, konpostajea bultzatzeko kanpaina orain dela gutxi jarri da martxan Aranon. Nola ikusten duzu?
Konposta aspalditik egiten dugu guk. Eta Aranon hasieran askok ez zuten ulertzen; basura gure baratzan botazea zela iruditzen zitzaien. Baina pixkanaka aldatzen doa. Eta nik uste oso ongi joanen dela, Aranon irekiak direlako. Herria eta ingurua zaintzeko dela jakinda, bertakoak mugituko dira. Argi dago, zaborra guk sortzen dugula eta gurea dela ardura.