Musikaren bidez erlajazioa landuko du Amaia Artzek, gaur zortzi

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 14a, 02:00

Doinu bidaia izeneko saioa izanen da, taldeko doinu terapia. Ganbaran eginen da, 18:30etan.

Amaia Artze Goizuetako bizilagunak Doinu bidaia saioa eskainiko du heldu den larunbatean. Taldeko doinu terapia saioa izanen da, 18:30etatik aurrera, udaletxeko ganbaran. Kronikari azaldu dionez, instrumentu desberdinak joko ditu. Batez ere, perkusio txikiak izanen dira, naturako doinuak imitatuz. Musikaren bidez, erlajatzea da helburua eta behin erlajatuta, bakoitzaren desorekak ekilibratzea.

Esterila eta manta
Lurrean etzanda eginen da saioa eta horregatik, esterila eta manta bana eramateko aholkatzen du Artzek. Doinu saioa ordubetekoa izanen da. Ondoren, musika mantra joko du gitarra baten laguntzarekin eta animatzen denak ere kantatzeko aukera izanen du.
Prezioa 10 eurokoa da eta egunean bertan azaltzea besterik ez dago, denentzat lekua izanen baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!