Astigarragako umeek huts egin ezin duten hitzordua: futbola plazan

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 14a, 02:00

Urtero bezala, futbolean jokatzeko elkartzen hasi dira Astigarragako umeak, Joseba Barandiaran plazan. Ekainarekin batera hasi dira eta Santioak arte ariko dira, astelehen, asteazken eta
 ostiraletan (18:30-20:30). Joxan, David eta Txanpi antolatzaileek ere, ez dute hutsik egingo.

Ostiral arratsaldea eta sekulako zalaparta dago Joseba Barandiaran plazan. Ume pila batera, eta batzuk portal baten aurrean zain... Ekaina dela kontuan izanda, normala! Izan ere, hasi dira urtero bezala futbolean jokatzeko elkar­tzen.
Joxan, David eta Txanpi antolatzaileek aurten ere ez dute hutsik egin eta astelehen, asteazken eta ostiralero Joseba Barandiaran plazan izaten dira, 18:30etatik 20:30etara, baloi, porteria eta petoekin. Ekimen honi eskerrak, 4-9 urte bitarteko umeek futbolean jokatzeko aukera dute, giro ederrean.

Denera, 120 ume
Hiru multzotan banatzen dituzte umeak: 4-5 urtekoak, 6-7 urtekoak eta 8-9 urtekoak. «Tarteka, urtebete zaharragoak baldin badaude ere sartzen dira eta 3 urtekoei ere uzten diegu jokatzen», azaldu dute.
Hiru partidu jokatzen dituzte. 5 minutuko 2 zati jokatzen dituzte eta ondoren, penaltietara aritzen dira. «Txikiekin partidu luzeak ez dira egokiak, aspertu egiten dira. Penaltiek egiten diete ilusio gehiago eta batez ere, horretan aritzen gara». Txikienentzat penaltiak oso egokiak direla ikusten dute. «Agian partidua jokatzeko beldurra dute hasieran eta penaltiak botatzen hasten dira. Horrela, datorren urterako beldurra edo lotsa galtzen dute eta animatu egiten dira», diote.
Ekimen honek ume mordoa mugitzen du. Azaldu dutenez, egun bakoitzean 60-70 bat ume elkartzen dira plazan. Azken egunean, dominak banatzen dizkiete denei eta egun horretan, 120 bat ume elkartzen dira.
Pozik daude sortzen den giroarekin: «Giro oso polita sor­tzen da. Gaur egun Astiga­rra­gan bizi ez direnak ere etortzen dira».

Espontaneoki sortua
Ekimen hau Joxan eta Davidek jarri zuten martxan. 8 bat urte badira aurrenekoz antolatu zutela. «Futbolean aritutako bi lagun ginen eta ume txikiak genituenean ideia honi bueltak ematen hasi ginen. Horrela hasi ginen, Sa­gartxo plazan. Leku txikia dago han eta txikiekin hasi ginen. Pixkanaka gero eta ume gehiago hasi ziren parte har­tzen eta bigarren urtean, Jo­se­ba Baran­diaran plazara pasa gi­nen», kontatu diote Kronikari.
Espontaneoki sortu zen ekimena dela azaldu dute eta ez dutela ezer eskatzen; borondatez aritzen dira eta halaxe jarraituko dute. «Hala ere, denboraldia bukatzean, gurasoek diru pixka bat bildu izan dute eta horrekin material berria eta dominak erosi izan ditugu. Bai umeek, bai gurasoek oso jarrera ona dute», nabarmendu dute.
Aurtengo denboraldia uz­tai­lak 21ean bukatuko da, Santioak aurretik. Baina oraindik 15 arratsalde geratzen dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!