Lan munduan euskera sustatzeko programa da Baietz Gurean, Buruntzaldeko Udalek enpresei laguntzeko sortutakoa. Hamar bat enpresa dira egun hitzarmen hau sinatu dutenak; 5, Hernanikoak. Horietako bi dira Katealegaia eta Spora Ingurumen Zerbitzuak enpresak. Atzo sinatu zuten hitzarmena Hernaniko Udalarekin.
Enpresa bakoitzaren diagnostikoa egiten du Udalak, eta gehienez ere 1.000 puntu ematen ditu, enpresak euskera erabiltzeko duen konpromisoaren arabera. Lortzen duen puntuaziotik abiatuta, laguntza ematen zaio enpresari irizpide batzuk jarri eta horiek lortu ahal izateko.
Katealegaia, 2garren urtez
Pablo Nuñez, Katealegaia enpresako ordezkariak azaldu zuen, «hitzarmena oso garrantzitsua dela lantokian euskera bermatzeko». Katealegaiak bigarren urtez sinatu du hitzarmena.
«Hernaniko lantegia da gure enpresan nagusia, eta hitzarmenari esker orain langile guztiek euskeraz egiten dute». Hizkuntza irizpideak ere idatzita dituzte. Datorren urteari begira, euskeraren erabilera bultzatu nahi dute hornitzaileekin eta bezeroekin dituzten harremanetan.
Spora, sinatu berria
Spora Ingurumen Zerbtizuak enpresako ordezkaria, Mario Oliver Estrada, katalana da, eta euskera ikasi du. «Familiarekin eta enpresan egiten dut euskeraz. Enpresa berria da eta langileek euskeraz egiten dute». Horregatik, puntuazio altuko balorazioa dute abiapuntu. Hala ere, programan parte hartuko dute «hornitzaileekiko tratua eta proograma informatikoak euskeratzeko».