Roberto Blanco, Asier Blanco eta Ioan Sabailak elkarte bat sortu dute, Cultura Romaneasca-Errumaniar Kultura izenekoa. Beraien helburua da, errumaniarrentzako aldizkari bat sortzea eta horretarako lanean ari dira.
Sabailak Kronikari azaldu dionez, Cultura Romaneasca aldizkaria, hilabetean behin argitaratzeko asmoa dute eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban banatuko lukete. «Gehiena errumanieraz idatzita egongo litzateke, baina euskerari ere egingo diogu tartea», dio.
«Ez dago ezer errumaniarrentzako»
Edukiari dagokionean, errumaniarrentzako garrantzitsuak diren datuak egongo lirateke (kontsulatu, udal eta elkarteetako informazioa), ikastola eta umeei buruzko informazioa, Errumaniako kirola eta politika kontuak, gizarte eta kultura gaiei buruzko albisteak…
Zerbait egin behar zela ikusten zuen Sabailak: «Hemen ez dago ezer errumaniarrentzako eta asko gara hemen bizi garenak. Integraziorako lagungarria izango dela uste dut».
Aldizkari hau sortzeko ideia ez da berria. Sabailak aspalditik darabilki proiektu hori buruan eta 2011 urtean lortu zuen edizio bat argitaratzea. Hala ere, zailtasun pila izan zituela eta jarraipenik emateko aukerarik ez zuela izan dio. Orain ordea, animoso dago. «Hara eta hona gabiltza proiektua martxan jartzeko. Diru laguntzak ere eskatu ditugu», azaldu du.
Laguntzeko prest daudenei, deia
Proiektu osorako eta aldizkariko edukiak osatzeko, herritarren laguntza ongi-etorria izango dela dio Sabailak eta lagundu nahi dutenei dei egiten die berarekin harremanetan jartzeko. Helbidea eta telefonoa honakoak dira: culturaromaneasca@yahoo.es eta 678 935 099.
Kanpamenduan bizitakoa
Ioan Sabaila gazterik atera zen Errumaniatik. Aita preso politikoa izan zela azaldu dio Kronikari eta egoera politikotik ihesi atera zela bere herrialdetik. Transilvaniakoa da. Valentzian hasi zen lanean, eraikuntzan, eta handik Euskal Herrira etorri zen. Pasaian hasi zen lanean pertsona bati laguntzen eta aita bat bezala izan dela beretzat dio: «Berak erakutsi dit euskal kultura zer den, herri hau ezagutzen eta maitatzen».
Astigarragan, kanpamenduan bizitakoa da, nahiz eta egun, plazako etxea batean bizi. Tarteka kanpamendura joaten dela laguntzera dio. Mikel Goenaga apaizarekin ere harreman haundia omen du.