Partidu zailak izango dira gaurkoak, final laurdenetako eliminitorian, Oiartzunen aurka. Itzulerako partiduak jokatuko dira, 19:30etan Oiartzunen. Aurrera jarraitu ahal izateko Hernanik ezinbestekoa du irabaztea, lehengo astean 3 partiduetatik 2 galdu baitzituen.
Partiduak berez nahiko zailak izango badira, zailtasun bat gehiago izango du Hernanik gaurkoan. Izan ere, 4 pelotari titular ezin izango baitira frontoira atera.
Pagola eta Lazkano lesionatuta, eta seniorrak kanpoan
Batetik, Pagola eta Lazkano lesionatuta daude, behatza puskatuta bat, eta eskuak minduta bestea. Hauen ordez, Alain Agirrek jokatuko du aurrean, eta atzean, Ioritz Berasartek edo Iñaki Urruzolak.
Beste bi bajak Arrieta eta Ojuel seniorrak izango dira, beste konpromiso batzuk dituztela-eta. Hauen ordez zein aterako diren ez du argi Josu Oiaga entrenatzaileak: Iñigo Urkizu, Eneko Aizpitarte edo Markel Lizeaga.
Jubeniletan, ohi bezala, Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguez ariko dira. Joanekoan galdu egin bazuten ere, maila badute, gaurkoan aurrera egiteko.