Hasia da festa Etxarrenen, 101 km-an. Giza katea osatua dago, eta Durango eta Iruñea bitarteko 123 km-ak osatuak dira. Festa giroa nagusi eta 100.000 lagunetik gora denak bat eginda, elkarri eskua emanda, eta erabakitzeko eskubidearen alde. Urumea goialdeko herritarrak Etxarrenen bildu dira, Sakanan, Arakil bailaran. Festa da nagusi, gainerako kilometro guztietan bezala.
Goizean goiz ikusi zitekeen mugimendua. Batzuk 08:00etarako autobusean egoteko garaiz jaiki behar izan dute, eta haiei Etxarrenen eman zaie gosaria. Autobus nahikorik ez, eta joan etorria egin behar izan dute. Hernanitik 1.400 lagun eta Astigarraga, Ereñotzu, Goizueta eta Aranotik ere jendetza. Autobusak bigarren bueltan 09:30ak aldera iritsi dira, eta bitartean antolatzaileek gosaria eman die herritarrei.