Premia sortu zen lehengo urtean Kronikan, multikopista berri bat ekartzeko. Izan ere, eguneroko Kronikako aleak inprimitzeko behar-beharrezkoa da multikopista, eta zaharrenak erreleboa behar zuen. Horregatik, txosna jarri zen San Joanetan berri bat erosteko dirua lortzeko.
Herritarren erantzuna benetan eskertzekoa izan zen, eta 2.348 euro lortu ziren. Behar zen diru guztia (9.000 euro) bildu ez bazen ere, azkenean, multikopista berria ekarri egin zen. Orain, ordainketak sortutako zuloari aurre egiteko kanpaina jarriko da martxan, bi modutara: San Joanetan txosna jarrita, eta crowdfunding-aren bidez, diruz zuzenean lagunduta.
Txosnako gosari eta afari turnoetarako boluntarioak
Multikopista berria erosteak sortutako zuloari aurre egiteko, txosna jarriko du berriro aurtengo San Joanetan Dobera-Kronikak. Baina aurten, bi txanda izango dira: goizean bat, gosaritarako, eta iluntzean bestea, afaritarako bokatak ateratzeko.
Txanda horiek betetzeko jendea beharko da, eta lehengo urtean bezala, aurten ere boluntarioak ezinbestekoak izango dira. Laguntzeko moduan izanez gero, eman izena Kronikako edo Doberako bulegoan (Larramendi 11), telefonoz (943 33 08 99) edo email bidez: kronika@kronika.net.
Era berean, lehengo urteko gosariak zein goxoak izan ziren ikusita, aurten ere bazkide eta herritarren bizkotxo, madalena, gaileta edo dena delakoak eskertuko dira.
Bideo komikoa, multikopistarekin gertatutakoa azaltzeko
San Joanetan txosna jartzearen helburua da multikopista berria erosteak sortu duen gastuari aurre egitea. Horretarako, kontu korrontearen bidez zuzenean diruz laguntzeko aukera ere badago.
Hain zuzen, multikopistarekin gertatutakoa azaltzeko eta dirua zertarako behar den ulertzeko bideo bat grabatu da Dobera-Kronikako langileekin, eta nahi duenak Kronikako webgunean ikusi dezake. QR kodigoak irakurtzen dituen telefono mugikorra duenak zuzenean ikusi dezake bideoa telefonoan, albiste honen argazkiko kodigoaren bidez.
Eskerrak, laguntzaileei
Orain ere laguntza eskatzen aritzeak ez du esan nahi dagoeneko laguntza jaso ez denik. Horregatik, Kronika eta Doberak eskerrak eman nahi dizkiete bideoa egiten parte hartu dutenei: Erika eta Aaron Elizari eta Hernaniko errugbi taldeari. Dirua eman duten herritarrei, eta baita txosnarako apuntatu diren AEK-ko ikasleei ere.
Kutxa:
2095 5041 12 1062292601
Laborala:
3035 0025 81 0250077672
Caja Rural:
3008 0170 17 2877320826
La Caixa:
2100 2403 81 0200139836