Kulturan, artean, kirolean, zientzian edo beste edozein alorretan nabarmendu den hernaniarra merezita omentzen du Hernaniar Bikaina sariak. Baina, gainera, pertsona edo talde horrek Hernanirekin izan duen harremana, Hernaniren izen ona atzerrian hedatzen laguntzea eta herriari egindako ekarpena ere aintzat hartzeko aspektua dira.
Xalaparta Elkartea 1982an sortu zen eta handik sei urtera ekin zioten Hernaniar Bikaina saria pertsona jakin bati banatzeari. Elkarteko kideei bururatu zitzaien eta horien artean zegoen Mikel Ruiz: «Hernaniar batek bizitzan zehar egindako lana, bere ibilbide profesionala eta herriari egindako ekarpena aitortu, omendu eta ezagutarazteko beharra ikusi genuen». Bazkideen batzordea bildu eta Pello Elorza presidenteari proposatu zioten. Berehala lortu zuten adostasuna. Gaur arte hamazazpi hernaniar izan dira saria jaso dutenak eta aurrerantzean beste hainbat izango direla dio Ruizek.
Hasiera batean urtez urte banatzen zen saria, baina 1990. hamarkadan bi urtetik behin banatzera pasa zen. Garaikurra Mikel Christi eskultoreak diseinatutako eta Xalaparta Elkartearentzat esklusiboki egindako txalaparta txiki bat da.
Sarituaren aukeraketa
Irabazlea nor izango den aukeratzea demokratikoki egiten da. Lehenik eta behin, hautagai ezberdinak aurkezten dituzte, bai bazkideek eta bai herritarrek ere. Hautagai horien ibilbidea aztertzen da. Azkenik, bozkatu egiten da. Saria irabazi zuen lehena Joxe Mari Garin izan zen. Azken bi edizioetako sarituak Empar Pineda feminista borrokatua eta Patxi Apezetxea txistulari bandako zuzendaria izan dira.
Sari banaketaren historian, bestalde, saria bere eskuetan heldu ahal izan ez zuenik ere izan zen, Luis Blas Zulueta kasu. Hernaniar idazle hau asko poztu zen Hernaniar Bikain izendatu zutela jakin zuen egunean, eta Literatura Nobel Saria eman izan baliote bezala sentitzen zela esan zuen. Zoritxarrez, garaikurra jaso baino lehenago zendu zen. Saria bere familiak hartu zuen eta oso momentu hunkigarriak bizi izan ziren.
Aurten Luis Telleria artista izango da saritua eta hilaren 21ean Xalaparta Elkartean egingo den ekitaldian emango zaio garaikurra? Mikel Ruizek bere meritu artistikoak goraipatu, bere izaera bihozbera gogoratu eta herritarrei emandako laguntza eskuzabala azpimarratu ditu: «Oso pertsona polifazetikoa da, bere ibilbidea oso anitza da eta gure saria jasotzeko baldintza guztiak betetzen ditu. Merezimendu osoz eta adostasun guztiarekin izango da Hernaniar Bikaina».
XALAPARTA ELKARTEKO SARITUAK (1988-2014):
1988 Joxe Mari Garin.
1989 Elias Kerejeta.
1990 Club Deportivo.
1988 Joxe Mari Garin.
1989 Elias Hernani.
1991 Martin Zabaleta.
1992 Antxon Idarreta.
1993 Luis Blas Zulueta.
1994 Prudencio Aierra.
1995 Juan Bautista Adarraga.
1996 Ignacio Iruin.
1997 Manuel Sagarna.
1999 Jacinto Santin.
2001 Fermin Cuesta.
2003 Angel Olaran.
2005 Alfredo Azkue eta Ines Sarasua.
2007 Jose Maria Setien.
2009 Patxi Apezetxea.
2012 Empar Pineda.
2014 Luis Telleria.