Banku etikoa deitu dena, eta gaur egungo banka ez dira gauza bera. Horixe da, hain zuzen, banku etikoaren aldarrikapena: beste modelo batek ere balio duela.
Banku etiko horietako bat da Fiare bankua. Bilbon sortu zen, baina Europa osoko sare bat osatzen ari da. Hernanin ere egituratzen ari da Fiare Hernani taldea. Izan ere, garrantzitsua da tokian tokiko proiektuak ondo ezagutzen dituen taldeak egotea.
Hau guztia azaltzen saiatuko dira datorren asteartean, hilak 10, arratsaldeko 19:00etan Biterin.
‘Con tu dinero’ pelikula eta mahai-ingurua, asteartean
Astearteko zitara gonbidatu nahi dituzte hernaniar guztiak. Bertan, Setem Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako pelikula bat jarriko dute: Con tu dinero. Honekin azalduko dute orain arteko finantza eremuak beste batzuk izan daitezkeela, eta horrek eragina izango lukeela egungo banka sisteman, elektrizitatea kudeatzeko finantza sisteman...
Pelikula ikusi ondoren, hain zuzen, mahai-ingurua antolatu dute. Bertan hartuko dute parte Setem-eko kide Carlos Azkaratek, Oiartzualdeako Fiareko kide Beñat Irasuegik eta Hernaniko Fiare taldeko kideek.
Fiareren oinarriak: kudeaketa demokratikoa, kreditu kooperatiba eta gardentasuna
Egungo finantza sistemaz gain, beste alternatiba batzuk badaudela azaltzeko, Fiareko kideek nabarmentzen dute Fiare bankuaren oinarriak zein diren.
Batetik, kooperatiba moduan funtzionatzen duen bankua da, eta kudeaketa demokratikoa erabiltzen da. Bazkide edo sustatzaile diren guztiek botoa ematen dute erabakiak hartzeko, eta denen botoak berdin balio du. Hau da, egungo bankuetan akzionista haundienek indar gehiago dute; Fiaren, denek berdin.
Horrekin lotuta, banku partehartzailea dela azaltzen dute. «Hori entzutean batzuk beldurtu egiten dira, baina lasai! Hilean behin bakarrik biltzen gara!». Horrekin azaldu nahi dutena da garrantzitsua dela herri edo eremu bakoitzean bertako herritarrek osatutako taldea egotea. «Antolaketa guztiz horizontala da. Gipuzkoan 11 talde daude dagoeneko, eta helburua da herri bakoitzean talde bat egotea herri bakoitzeko proiektuak erabakitzeko».
Bestetik, guztiz gardena dela nabarmentzen dute. Mugimendu eta datu guztiak publikoak dira, eta edonork ikusi ditzake proyectofiare.com webgunean.
«Banku partehartzailea dela entzutean batzuk beldurtu egiten dira, baina lasai! Hilean behin bakarrik biltzen gara!».
Azkenik, banku etikoa izatea, hau da, irabazi asmorik gabeko bankua izatea zer den azaltzen dute. «Noski etekina atera behar duela. Baina ez dago interes edo errentagarritasun pertsonalik ateratzeko asmorik. Horrexegatik balio du berdin bazkide guztien botoak. Era berean, oso kontuan hartzen da kreditua zeini ematen zaion. Oraingoz, ez da dirurik ematen pertsona batek etxe bat erosi ahal izateko. Kontuan hartzen dira dirua eskatzen duen proiektuak dituen interes eta funtzio etiko eta sozialak, eta ingurumenarekiko errespetua. Gizartean edota landa ekonomian eragin positiboa izango duten enpresen proiektuak bultzatzen dira. Aldi berean, kreditua jasotzeko eskatzaileak Fiareko bazkide izan behar du».
Irailetik aurrera, kutxazain automatikoak eta kontu korronteak
Fiare bankua Bilbon sortu zen, «Gobernuz Kaponko Erakundeetatik sortu zen. Momentu hartan, krisia zela eta ez zela, Espainiako Gobernua kapital haundiagoa eskatzen hasi zen bankuak sortzeko. Horretan ari ginela, ordea, ez zutela banku gehiago onartuko erabaki zuten. Horregatik, Italiako Banca Popolare Eticarekin elkartu ginen, Europa mailako bankua sortzeko. Udalbiltzarekin, adibidez, akordioa dugu, Iparraldeko proiektuak bultzatu ahal izateko».
Horregatik, Fiarek Italiako Bankuaren agente moduan funtzionatu du orain arte, baina hedatzen ari da. «Gipuzkoan 450 bazkide gara orain».
Hedapen horri esker, irailetik aurrera ohiko bankuen zerbitzuak eman ahal izango ditu Fiarek. «Kutxazain automatikoak jarriko dira dirua ateratzeko, Servired-ekoak. Bulegoak oraingoz ez dira jarriko, garesti ateratzen direlako, baina bai lokal bat, herritarren dudak argitzeko eta parte hartu nahi duenak nora jo jakiteko.
Gainontzean, irailetik aurrera banku normaletan bezala funtzionatuko da: dirua ateratzeko txartela, kontu korrontea... Eta pentsatzen ari gara sukurtsal mugigarriak jartzea, astean behin-edo, herrira etorriko dena».
«Bazkide edo partehartzaile izan zaitezke. Azken horretarako ez da dirurik jarri behar; nahikoa da alternatiba honetan sinistea eta bultzatzen laguntzea».
Parte hartzeko moduak
Banku etikoaren eredu hau aurrera egiten ari da jendeak parte hartzen duelako. Bide bat baino gehiago daude horretarako.
«Bazkide edo partehartzaile izan zaitezke. Azken horretarako ez da dirurik jarri behar; nahikoa da alternatiba honetan sinistea eta bultzatzen laguntzea».
Webgunean 3 modu bereizten dira bazkide egiteko. Sustatzailea da proiektuaren alde denbora eta dirua jartzen duena. Laguntzailea, berriz, hainbesteko konpromisorik hartu gabe lagundu nahi duena; hau da, 300 euro (pertsona fisikoek) edo 600 euro (taldeek) jartzea. Azkenik, boluntario egiteko aukera dago: dirua jartzeko moduan ez daudenak baina proiektua zabaltzen lagundu nahi dutenak.
Informazio gehiago etzi, eta Hernaniko taldeak hurrengo bilera egingo du uztailaren 2an, 19:00etan udaletxean.