Hernanik 2-1 galdu zuen atzo Oiartzunen kontra, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Kadeteek 17-22 galdu zuten; jubenilek 14-22; eta nagusiek irabazi, 22-9. Afizioak ez zuen hutsik egin, eta bete egin zuen beste behin, frontoia. Hiru partiduetan izan zen emozioa. Hernanik lehendabiziko bietan erakutsi zuen bazuela aukera irabazteko.
Kadeteetan Pagolak eta Lazkanok estu hartu zituzten oiartzuarrak, eta euren eskuetan ere izan zuten partidua; azkenean, 17 tanto eginda, ez da emaitza txarrena Hernanirentzat.
Jubeniletan oiartzuarrak hasi ziren aurretik, eta Cisneros eta Rodriguez jokuan sartu ezinda ibili ziren. Jokatzen hasi zirenean, ordea, asko inguratu ziren, eta 13-12 ere joan ziren momentu batean. Hortik aurrera, jokutik atera egin ziren pixka bat hernaniarrak, eta Oiartzunek irabazi zuen partidua, hurrengo eliminatorian beste kolore bat izan dezakeena.
Nagusien partiduan bi gazteek sekulako hasiera eman zioten: joa latza, eta bukatzen ere bikain oiartzuarrak, eta 4-1 aurretik. Aizpitartek atzeko zuloan sartuta pasa zituen lehendabiziko momentuak, eta aixa ari zen Oiartzun... Arrieta jokuan sartzen hasi zen arte! Ioritzek hautsi zuen partidua, eta lehen gorri ikusten zena, erabat aldatu zuen oso denbora gutxian. Aizpitartek ere ederki lagundu zion, eta aukerako pelota asko jarri zituen oso atzean, eta ezker paretan. 9-9 berdin. Hortik aurrera, partidurik ez. Oiartzuarrek galdu egin zuten tajua, eta Arrietak tanto-saila egin zuen; 10 inguru sakez.
Bueltakoa, datorren ostiralean, Oiartzunen. Han ere beharko dira afizioaren indarrak...