«Beti saiatu izan naiz txukun egiten segan eta nazioarteko era ez zait zaila egiten»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 7a

Ixabel Ansa Euskal Herriko VI. Sega Ligaxkan ari da parte hartzen, nazioarteko eran. Aurreko igandean jokatu zen lehenengo ekitaldia, Etxalekun. Beste bi geratzen dira:
uztailaren 5ean, Zaldibian, eta uztailaren 27an, Azpeitian. Txikitan ikasi zuen segan Ixabelek, eta txapelketetan, 2005ean hasi zen ilobak tentatuta.

Ixabel Ansa jaiotzez aranoarra da eta 18 urtetatik Hernanin bizi da. 60 urte dauzka eta 12 urte zituenez geroztik dabil segan. Baserrian ikasi zuen aitarekin. «Txikitan ikasi nuen eta beti gustatu izan zait», dio. Txapelketetan, ordea, 2005ean hasi zen, Ainhoa Ansa ilobak tentatuta. «Lehenago, beste iloba batzuk hasi ziren sega taldearekin bidaiatzen. Txalaparta jotzera joaten ziren beraiekin sega txapelketa eta topaketetara, hemengo kulturaren berri ematera. Gero, Ainhoa hasi zen, segan. Krixton bidaiak egiten zituzten. Inbiditan egoten nin­tzen eta ni ere gustora ibiliko nintzela horrela esan nien. Halako batean, Ainhoak Segurako txapelketarako apuntatu ninduela esan zidan».
Ordutik, urtero parte hartu izan du Ixabelek sega txapelketa eta ekitaldietan. «Ahal dudanetan saiatzen naiz. Nazioarteko txapelketak egiten direnetan ere bai, baina lanarekin beti ez da aukera izaten bidaiatzeko».

Azken momentuko erabakia
Oraingo honetan, ordea, ez omen zuen parte hartzeko asmorik. «Egia esan, ez nuen asmorik, baina Altzok esan zidan ikusi zuela ez nintzela apuntatu eta krixton pena zela; animatzeko. Azkenean, igandean jai egiteko moduan nintzela esan zidaten lanean eta ostiralean, lanetik atera 20:30etan, eta anaiari esan nion sega pikatu eta pronto jartzeko».
Bost emakume aritu ziren igandean Etxalekun, Euskal Herriko VI. Sega Ligaxkan, eta bosgarren geratu zen Ixabel. Gazteak ari direla orain segan dio eta berak ez duela inorekin konpetitzeko asmorik azaldu du: «Nahita ere ezin dut be­raiekin konpetitu. Sasoi hobea dute, baina nire asmoa ez da inorri irabaztea. Segan aritzea gustatu egiten zait eta nire helburua parte hartzea da».

«Nahita ere ezin dut gazte horiekin konpetitu. Sasoi hobea dute, baina nire asmoa ez da inorri irabaztea. Segan aritzea gustatu egiten zait eta nire helburua parte hartzea da»

Nazioarteko eran, azkar eta txukun
Euskal Herriko moduarekin konparatuta, beste herrialdeetan desberdina da segan baloratzen dutena. Hemen pisua, hau da, ahalik eta belar gehiena moztea baloratu izan da, baina nazioartean, txukuntasunari ematen diote garran­tzia. Hemen, lanak ere luzeagoak izan ohi dira, eta nazioartean, motzagoak. Nazioarteko eran, emakumeek, 7x5eko (35 m2) saila moztu behar izaten dute; ahalik eta azkarren, eta ahalik eta txukunen. Gizo­nezkoek, 10x10.
Nazioarteko eran aritzea, ez zaiola zaila egiten dio Ixabelek: «Egia esan, ni beti saiatu izan naiz segan ahalik eta txukunen egiten. Horrela ikasi nuen eta horrela ohituta nago. Indar pixka bat da orain falta dudana», dio parrez.
Euskal Herriko ligaxka honetan, nazioarteko eran ari dira, gero beste herrialdeekin lehiatzeko beharrezkoa baita.
Segari dagokionean, betiko sega txikiarekin aritzen da Ixabel, «baserriko betikoarekin». Gaur egun haundiekin aritzen dira ia denak. «Azka­rrago mozten da, baina pixua ere badu eta ohituta ez dagoenarentzat baldar xamarra da. Ni gustora aritzen naiz nirearekin eta erretiratu arte, honekin ariko naiz», dio.

Suitzan, Alemanian, Austrian...
Euskal Herriko sega elkarte bakarra Almitza da. Bertan elkartzen dira Euskal Herri osoko segalariak eta oso giro ona dagoela dio Ixabelek. Ilobak «abandonatu» arren, bakarrik ondo moldatzen dela dio Ixabelek: «Bakarrik, baina denak ezagutzen ditut. Lehen, Ainhoaren izeba nintzen eta orain denena».
Nazioarteko txapelketa eta topaketetara taldean egiten dituzte bidaiak. Honako herrialdeetara bidaiatu izan du berak: Suitzara, Alema­niara, Bavaria­ra, Austriara, Okzitaniara, Kata­luniara... Bidaia bakoitzean isto­rio eta pasarte umoretsu as­ko ditu; «oso oroitzapen onak».
Nazioarteko txapelketa horiek, bi urtez behin izaten dira eta aldatzen joaten dira lekuz. Datorren urtean, Euskal Herrian izango da, Azpeitian.
Alemanek eta suitzarrek krixton nibela dutela dio Ixabelek. «Emakume aleman bat bada, bi minutu baino gu­txiagoan bukatzen duena saila. Ikustekoa da». Austria­rrak ere oso ondo moldatzen direla gaineratu du. Euskal­dunen artean, gizonezko ba­tzuk bakarka laugarren geratu izan omen dira. Emaku­mee­tan, berriz, 10-11garren postuan ibiltzen omen dira.

Okzitanian, bi sari
Okzitaniako txapelketan bitan irabazitakoa da Ixabel. Azke­nekoz, iaz. «Han beste modu batera da txapelketa. Han, saila zuzen eramatea da kontua. Sail hasieran hainbesteko zabalera moztu baduzu, bukaeran ere zabalera berdina izatea. Eta denbora, nahi adina izaten da», azaldu du. Han, adinekoek hartzen omen dute parte, batez ere.
Sega apusturik inoiz egin duen galdetuta, ezetz dio. «Eta ez nuke egingo. Apustua zertarako? Horrela ondo ibiltzen ga­ra. Nik sega, lagunarteko kirol bat bezala ikusten dut».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!