Etxarrenen hitzordua bihar, giza katea osatzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 7a

Hernani eta Ereñotzuko bizilagunek, 101 km-an osatuko dute giza katea; Astigarraga, Arano eta Goizuetakoek, 102 km-an.

Erabakitzeko eskubidearen alde, Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza katea bihar egingo da eta bertan izango dira Astigarraga, Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetako herritarrak ere. Denek, Etxa­rrenen dute hitzordua giza katea osatzeko. Bost herrietan, 1.500 metrotik gora saldu dira. Hernani eta Ereñotzuri 101 km-a dagokie eta Astigarraga, Ara­no eta Goizuetari, 102 km-a. Giza ka­tea 12:00etan izango da, baina 10:00etarako bertan egoteko eskatu dute antolatzaileek.

Autobusetan, ordu desberdinak
Herrietatik autobusak aterako dira. Astigarragako autobusak 08:30etan abiatuko dira Joseba Barandiaran plazatik.  Giza katea bukatzean, Etxarrira joango dira, bertan egingo den jaialdira. Etxerako buelta, Etxarritik izango da, 18:30etan.
Goizuetako autobusa ere 08:30etan abiatuko da. Bi autobus aterako dira. Horietako bat, giza katea bukatu bezain pronto herrira itzuliko da, baina bestea Etxarrira joango da. Etxarritik 19:00etan izango da buelta. Aranotik kotxeetan joango dira.
Ereñotzun eta Hernanin ere, bi aukerak jarri dituzte. Eta giza katea bukatu eta 13:00ak aldean etxera bueltatuko direnek, 07:30e­tan (Ereñotzu) eta 08:00e­tan (Hernani) izango dute autobusa, Etxarrenera joateko. Han, gosaria emango zaie, debalde. Auto­bus hauek bi buelta egin behar dituzte, autobus nahikorik ez baitago. Arratsalde­an bueltatuko direnek, berriz, 08:45etan eta 09:00etan izango dute. Her­na­­nin emango zaie gosaria. Etxa­rritik 19:00etan bueltatuko dira.
Urumeako herritarren gunea Etxarrin izango da. 14:00etatik aurrera izango dira ekitaldia eta kon­tzertuak: Ven­detta, Xaiko eta Tximeleta.

Kilometroa kotxean jarri
Dena ondo atera dadin, go­men­dio batzuk eman dituzte: janaria eta ura eraman; haurrentzako denbora pasatzeko jolasak edo zerbait eraman (pinturak, sokasaltoa, goma...); 0-3 urtekoen­tzat maxicosia autobuserako;  adineko per­tsonentzat aulki plegableak; bu­ka­tzean, hondakin guztiak jaso...
Eta kotxean doazenentzat: folio batean 101 edo 102 km ida­tzi (bakoitzari dagokiona)  eta  aurreko kristalean eraman.

Autobusen irteera ordua
Ereñotzu: 07:30 (t.urdina) eta 08:45.
Hernani: 08:00 (t.urdina) eta 09:00.
Astigarraga: 08:30, J. B. plaza.
Goizueta: 08:30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!