68 lagun, euriari aurre eginez

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 7a

Bizikletan ibiltzeko eguraldi kaxkarra egin arren, 68 lagunek hartu zuten parte aurreko igandean, Iskibiko BTT zeharkaldian. Axier Otaño hernaniarra izan zen lehenengoa.

Bosgarren urtez, BTT zeharkaldia antolatu zuen Iskibik aurreko igandean. Berez, 75 lagun zeuden izena emanda, baina eguraldi kaxkarraren eraginez, 68k hartu zuten parte. Axier Otaño hernaniarra izan zen lehenengoa helmugaratzen. Zeharkaldia, berez, ez da konpetitiboa.

Minik ez
Parte hartu zutenen artean eta gerturatu zirenen artean giro polita izan zela azpimarratu dute antolatzaileek eta gustora dira. «Gainera, egin zuen eguraldiarekin inork ez zuen minik hartu eta hori garrantzitsua da», gaineratu dute.
Zeharkaldia bukatuta, opariak banatu zizkieten parte hartzaile guztiei eta   luntxa ere izan zuten.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete eguna aurrera ateratzen lagundu zuten guztiei: “herriko bolondres guztiei, suhiltzaile boluntarioei eta Udalari, beharrezko azpiegitura uzteagatik”.

Atzo, barrikotea
Urteroko barrikotea ere antolatu zuten atzo Iskibi kanpinean. Sagardotegi menu ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!