«Jendea behar dugu datorren urterako»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 7a

Altamira eta Roteta astigartarrek errugbian jokatzen dute Hernani taldean. Denboraldi bikaina egin du taldeak eta Ohorezko Mailara igotzeko play offa jokatu zuten igandean. Igoera lortu ez arren, oso pozik daude denboraldiarekin: Euskal Ligan bigarren, eta Ohorezko B mailan, txapeldun!

Hernanin, nesken errugbi taldea orain dela hiru urte sortu zen eta hasiera hasieratik daude Amaiur Altamira eta Lierni Roteta astigartarrak. Altamirak, Hernaniko Institutu­an ikasi zuen eta bertatik probatu zuen errugbia. Bere lehengusua ere errugbian aritzen zen eta ingurukoengatik hasi zela dio. Rotetak berriz, ez zuen ezagu­tzen. «Baina nesken taldea atera zutela enteratu nintzenean, probatu egin nahi izan nuen». Astigarragatik, hirugarren jokalari bat ere bada taldean: Nora Solano; nahiz eta, denboraldi bukeran baja izan.

Hiru urtetan, sekulako maila
Aurreneko denboralditik orain arte, taldeak aurrerapauso haundiak eman dituela diote: «Hasi ginenean, gehienok ez genuen sekula errugbian jokatu. Batzuk baziren lehenagotik ibiliak, baina orokorrean, hasi berriak ginen. Eta aurreneko denboraldia halaxe joan zen, pixkanaka ikasten. Baina bukaerarako nabaritu genuen aldea. Bigarren denboraldian eta azken honetan ere, asko hobetu dugu».
Horretan ez dago dudarik, Euskal Ligan bigarren, Espainiako Ohorezko B Mailan txapeldun eta Ohorezko Mailan jokatzeko zorian egon dira.

«Taldea orain dago onenean jende berria sartzeko. Fisikoak ez du inporta, denentzako dago lekua».

Igandean, aukerarik ez jokatzeko
Aurreko igandean jokatu zuten Ohorezko Mailara igotzeko play offa. Cisneros talde madrildarra izan zuten aurrez aurre, Oho­rezko Mailan azkeneko postuan geratu den taldea. Herna­nik, 29-5 galdu zuen. «Beraiek askoz hobeak ziren, 20 urte daramazkite jokatzen, eta hori nabari­tzen da. Gainera, azken postuan bukatu zuten, baina lesio asko izan zituztelako. Gure kontra jokatu zutenean, taldea errekuperatuta zegoen. Aparte, guk bi aldaketa bakarrik egiteko aukera dugu. Oso juxtu gaude taldean. Defentsan aritu ginen denbora guztian eta sentsazioa daukagu jokatzeko aukerarik ez genuela izan. Hala ere, ensaio bat egin genien».

«Inork ez zuen espero»
Ohorezko Mailan jokatzea lortu ez arren, oso pozik daude egindako denboraldiarekin: «Euskal Ligan bigarren geratzea ez genuen espero eta hori lortutakoan, nahikoa zela pentsatu genuen. Ondoren, Leonera joka­tzera joateko deitu ziguten. Beste lau autonomietako bigarrenen aurka, ligilla bat jokatu genuen play offa zeinek jokatuko zuen erabakitzeko. Ondo pasatzera joan ginen; presiorik gabe. Bat irabazten bagenuen, ba primeran. Azkenean, hiru irabazi genituen eta Ohorezko B Mailako txapeldun geratu ginen», diote.
Ez beraiek, ez klubak ez zutela sinesten diote: «Guk negarrez bukatu genuen, emozioarekin. Klubekoak ere harrituta zeuden, eta baita aurkariak ere. Leonen inork ez zuen ezer espero gugandik eta sorpresa ederra eman genuen».
Beste taldeak ezagutzeko, es­pe­rientzia aberasgarria izan dela diote. Orokorrean, disziplina gehia­go omen dute beste taldeetan.

Helburua, jendea lortzea
Datorren denboraldiari begira, helburu bakarra dauka taldeak: jendea lortzea. Baja dexente izango direla azaldu dute bi astigartar gazteek. Eta behin honaino iritsita, pena izango litzakeela azpimarratu dute: «Orain dago taldea onenean jende berria sartzeko. Taldeak maila polita du, erritmo bat hartu du, eta errazago izango da ikasteko ere. Klubak ere gehiago izango du kontuan».
Edozeintzat dagoela lekua azaldu dute: «Fisikoak ez du inporta: lodia izan, argala izan, altua, bajua, mantsoagoa, azkarragoa... Posturen batean beti izango da lekua». Konpromisorik gabe, probatzera joateko dei egiten diete herriko eta inguruko neskei. Abuztu erdi aldera hasiko dira aurredenboraldiarekin.

Hondartzako errugbia, orain
Denboraldia hasi arte itxaron beharrik ez dute errugbia probatu nahi dutenek. Orain, rugby beach edo hondartzako errugbia egiten dute Zurriolan.
Jende askok beldurra diola errugbiari badakite eta argi utzi dute normalean ez direla lesioak izaten: «Kanpotik arriskutsuagoa ematen du, barruan baino. Gaine­ra, gure erritmoa askoz motelagoa da gizonezkoekin konparatuta». Taldean sekulako giroa du­tela diote eta benetan merezi duela. Beraiek behintzat, jarrai­tze­ko asmoa dute.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!