Kontsumo taldea sortu nahi dute Astigarragan baserriko produktuak zuzenean erosteko

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 7a

Interesa duten herritarrek eta baserritarrek harremanetan jarri behar dute BasHerri Sareko kideekin. Baserritarrak astero, otar bat prestatuko luke taldeko kideentzat, berak ekoitzitako barazkiz eta bestelako produktuz.

BAsHerri Sareak kontsumo talde bat sortu nahi du Astigarragan. Herritarren eta baserritarren arteko tratu zuzena bideratuko luke. Hau da, baserritarrak astero otar bat prestatuko luke berak ekoitzitako barazki eta bestelako produktuekin, eta toki eta ordu zehatz batean taldeko kideei eramango lieke.
Azaldu dutenez, otarraren edukia eta prezioa baserritarrekin adosten da eta otarretan, garaian garaiko produktuak jasotzen dira, inguruan dauden baserritarren arabera.
Ekoizpena planifikatzeko eta ordainketa errazteko, famili bakoitzak bere kontsumoa kalkulatzen du aurrez, eta bere beharren arabera, kuota bat finkatzen da; hilero berdina. Bi hilabeteko probaren ondoren, urtebetez mantentzeko konpromisoa hartu beharko luke kontsumitzaileak.

Baserritarren bizi iraupena bermatu eta kalitatezko elikagaiak ziurtatu
Gaur egun baserritarrek bizi duten egoera ez dela beraien arazoa bakarrik dio BasHerri Sareak: «Gizarte osoarena da. Gure elikaduraren kontrola berreskuratu behar dugu. Guk erabaki nahi dugu zer jan nahi dugun, nork, non eta nola ekoiztua izango den eta zein baldintzatan. Hori guztia lortzeko, jarrera aktiboa hartu beharra daukagu eta modu kolektiboan lan egin. Ho­rretarako sortu dira BasHerri Taldeak, baserritarren bizi iraupena bermatzeko eta kalitatezko elikagaiak ziurtatzeko».
Interesa duten herritarrei eta baserritarrei harremanetan jartzeko dei egiten diete.

Harremanetarako:
Gipuzkoako EHNE
615 767 086 eta pedro@ehneg.net
Biolur Gipuzkoa
943 76 14 43 eta biolur@biolur.net

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!