Udalak Anuska auzoa berritzeko proiektua prestatu du eta astelehenean kontsulta egingo da auzotarrek erabakitzeko, lanak zein fasetatik hasi. Udaletik azaldu dutenez, proiektuak bere osotasunean 750.000 euroko kostua du gutxi gorabehera eta inbertsio oso altua da ekitaldi ekonomiko bakarrean egiteko. Hori horrela, proiektua 7 fasetan banatu dute eta auzotarrek erabaki beharko dute zein ordenetan hasi lanak. Dena dela, hasiera honetan, 5 fase eramango ditu aurrera Udalak. «Bi baztertu egin dira oraingoz; zehazki, irisgarritasuna bermatzeko maldei dagokiena. Nahiz eta lan garrantzitsuak izan, Udala ez da lur horietako jabea eta beraz, epe motzean bidera ezinak dira», azaldu du. Urtero, gutxienez, fase bat egiteko asmoa dago.
Kontsulta arratsaldean, auzoko parkean
Kontsulta astelehen arratsaldean egingo da (18:00-20:00), auzoko parkean. Kale Nagusia 62, 64, 66, 68, 70, 72, 74, 76 eta 78ko etxeetan erroldatutako 16 urtez gorako bizilagunek izango dute aukera bozkatzeko (bakoitzak boto bat). Identifikazioa ziurtatzeko agiriren bat eraman beharko da.
Kontsultan boto gehien jasotzen dituen fasearekin hasiko dira eta bozken arabera egingo dira besteak, urtez urte.
Bilerak, auzotarrekin
Azken hilabeteetako bilerek fruituak eman dituztela azaldu du Udalak: «Urteetan ahaztua egon eta gero, Anuska auzoak datozen urteetan eraberritze sakona ezagutuko du». Abenduan bildu ziren lehenengo aldiz auzotarrak eta Udal ordezkariak, eta auzotarren ikuspuntua, kezkak eta eskaerak zuzenean jaso zituzten. Apirilean, udaletxean egin zuten bilera eta Udalak eraberritze proposamena egin zien auzotarrei. Beraien ekarpenak aztertu eta gero, Anuskarako eraberritze proiektuaren nondik norakoak onartu zituzten.
EZAUGARRI ESPEZIFIKOAK
1. AUKERA – 142.000 euro
- Espaloiak berritu (gutxienez 2 m-ko espaloiak)
- Instalazioak lurperatu
- Aparkalekuko topeak kendu
- Jolasgunea berritu
- Plazatxoko eskailerak hobetu
2. AUKERA – 125.000 euro
- Auzoko nibel desberdinetara iristeko eskailerak berritu
- Irisgarritasun araudia beteko dituzten eskailerak egin
- Eskaileren irteera-sarrerak hobetu (segurtasuna)
3. AUKERA – 140.000 euro
- Aparkalekuen antolaketa hobetu
- Errepidea “hormigoi impreso” bidez asfaltatuko litzateke (Errekatxo auzoko kaleen trataera bera)
- Etxe atarien aurreko espaloiak berritu (2 m-ko zabalera)
- Kaleko eta, batik bat, hormatik datozen euri uren bilketa osatu
4. AUKERA – 145.000 euro
- Maldako espaloia berritu (2m) berdegunea mantenduz
- Errepidea “hormigoi impreso” bidez asfaltatuko litzateke (Errekatxo auzoko kaleen trataera bera)
- Espaloiak berritu, baina 2mko zabalerarik gabe - Kalearen zabalera areagotu, hormaren gainean dagoen berdegunea kenduz eta muroa gehiago altxatuz
5. AUKERA – 150.000 euro
- Espaloiak berritu, baina 2mko zabalerarik gabe
- Kale Nagusia 66 eta 68ko atarien aurrean espaloiren bat egokitzeko esfortzua egingo da, auzotarren eskaerari erantzunez. Momentuan aztertuko da.
- Errepidea “hormigoi impreso” bidez asfaltatuko litzateke (Errekatxo auzoko kaleen trataera bera)
- Menditik eta hormatik datozen euri urak jasotzeko beharrezko lanak egin
*Obra bakoitza hobeto ulertzeko planoak ikusgai daude interneten: www.kronika.net