Urteurrena eta bide berriaren hasiera ospatuko dituzte gaurko jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 7a

Ikastola Eguna izango da gaur. 13:00etan izango da eskertza ekitaldia eta ‘Badator Bide Berria’ jaialdia, Martuteneko jolastokian.

Ikasturtea bukatzear da eta Ikastolaren Eguna ospatuko dute gaur. Arantzazuko Ama Ikastolaren 45garren urteurrena da aurten eta goizean zehar, hainbat oroigarri jarriko dituzte: Loiolan, Ergobian eta Martutenen. Ondoren, esker­tza ekitaldia eta Badator Bide Berria jaialdia egingo dituzte Martuteneko jolastokian.
Aurtengo Ikastola Eguna benetan egun berezia izango dela azpimarratu dute, Ikastolaren 45garren urteurrena ospatzearekin batera, bide berri baten hasiera irudikatuko baitute. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera, Asti­garraga eta Martuteneko Lehen Hezkuntza bakoitzak bere bideari ekingo dio. “Horregatik, 45 urteotan elkarlanean eraikitakoa eskertzeko, BHIrekin batera ospakizuna antolatu dugu gaurko”, azaldu dute. Abesti eder bat ere prestatu dute.
Bazkaria, mikrofono irekia, ikuskizuna, Dja... Ekintza ugari antolatu dituzte arratsalderako, eta bertaratzeko gonbidapena luzatu dute.

EGITARAUA
10:30 Loiolako eliza inguruan, oroigarria jarriko da.
11:30 Ergobiako plazan, eskola zaharra zegoen lekuan, oroigarria jarriko da.
12:30 Martuteneko Marie Curie plazan, oroigarria jarriko da.
13:00 Eskertza ekitaldia eta ‘Badator Bide Berria’ jaialdia Martuteneko jolastokian.
14:00 Bazkaria, Martuteneko jolastokian, ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohientzat. Txartelak aurrez hartu behar ziren.
Bazkalondoren, mikrofonoa irekia
15:30 ‘Tomaxen abenturak’ ikuskizuna, soinketa lekuan.
17:30 Oihan Vega Dj.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!