«Ereñotzuko etxe guztietan bada baten bat instrumentua jotzen duena»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 7a, 02:00

Datorren ostiralean, San Antonio egunarekin, botako da etxeferoa Ereñotzun, jaiei hasiera ofiziala emateko. Jai Batzordeak Ereñotzuko musikariei omenaldia egin nahi die bertan, «auzoaren izen ona zabaldu dutelako».

Txupinazoa botatzearen ai­tza­kian, ahal izan duten mu­sikari ereñotzuarrak afari ba­ten bueltan elkartu dira, kontu xaharrak gogoratu eta jaiei ha­siera nola eman pentsatzeko. Pello Gorrotxategik dio: «ilusioa egiten du txupinazorako mu­sikariekin gogoratzeak. Ho­ri bai, lehenbizikoak gu izango gara, eta datorren urtean zein omenduko ote dituzte?». Eta Xabier Solanok erantzun: «Hu­rren­goan, Ere­ñotzuko kamio­ne­roak!». Ima­nol Kamio, be­rriz, erdi kez­katuta: «Baina non­dik bota be­har dugu txu­pinazoa? Nola?». Eta Gorro­txategi, be­rriro, umo­retsu: «balkoian jarri eta gu­tako bat bota!».

«Kamiori esker»
«Esan izan didate Ereñotzu dela biztanleko musikari gehien dituen herria. Etxe guztietan bada baten bat instrumentua jotzen duena! Portal bakarra dago, bertako ikaslerik izan ez dudana!», dio Imanol Kamiok.
Halaxe dela ematen du, musikaririk ez baita falta. Gehientxuenek, gaztetan nola hasi ziren ederki gogoratzen dute; denak, Kamiorekin. «Ni 6 urterekin hasi nintzen. Go­go­ratzen naiz ez nekiela oraindik irakurtzen!», dio Imanol Azpei­tiak. Xabier Solano, berriz, «lehenengo trikitixarekin, eta gero solfeoan» hasi zen.
«Libretik prestatzen nitu­en», Imanol Kamiok, «eta gero kontserbatoriora joaten ziren azterketa egitera. Gogoratzen naiz Izaskun Minerrekin. 11 ur­terekin bosgarren maila gain­ditu zuen, eta gero konturatu ziren gazteegia zela azterketa egiteko; nota gorde zioten be­har zuen adinera iritsi arte!».
Pello Gorrotxategik, berriz, Haritza taldeko Lore du gogoan. «Harekin hasi ginen solfeoa ikasten, eta ez zitzaigun batere gustatzen. Baina nik txikitatik argi nuen jo egin nahi nuela. Detergente kajak hartuta ibil­tzen nintzen dinbi eta danba. Guk ikusten genituen Akelarre, Haritza, Diamantes... eta hori nahi genuen! 81 edo 82an Ka­mio hasi zen, eta berari es­ke­rrak gaude hemen. Aukera jarri zuen auzoan eta horregatik uga­ritu zen musikari kopu­rua».

Jon Mari eta Solano jolasean aritzen ziren, txapelketetan ari balira bezala. «Nobiyak ere asmatu genituen: Sabrina eta Samantha Fox!».

Esfortzua eta jarrera, klabeak
«Solano eta biok portal bere­koak ginen, 2 eta 3garren pisu­ko­ak», dio Jon Mari Bea­sai­nek, su­kal­de­tik atera den ba­te­an. «Txa­pel­ke­te­tan bagina beza­la jolas­ten ge­nuen. Play eman, eta, Ta­pia eta Leturia! Eta gero: Jon Mari eta Xabier!». Solanok ere gogo­ratzen du: «Nobiyak ere asmatu ge­ni­tu­en: Sabrina eta Samantha Fox!».
Jolasetik pro­fesiora iris­teko «apustua» egin be­har dela dio Ka­miok, harro: «Be­gira ze artistak atera diren!».

EREÑOTZUKO MUSIKARIETAKO BATZUK:

- Pello Gorrotxategi: 20 urte Izotz taldean, eta azken urteak Esne Beltza taldean, eta Los 80-an.
- Xabier Solano: Jon Mari Beasainekin trikitixa eta panderoan, Etzakit, Lau Itzal, Fermin Muguruzarekin, The Solanos eta Esne Beltza.
- Kristiñe Solano: Fagollagako Izaskun Bengoetxearekin trikitixa eta panderoan, Kristina eta Bihotz, Emen Hezten, K.S. (Euskadi Gazteako maketa lehiaketa irabazita).
- Jon Mari Beasain: Xabier Solanorekin trikitixa eta panderoan, Etzakit, Mal de Ojo, Laket, Patxuko Nice, Esne Beltza eta Los 80 (San Juanetan ariko dira, Hernanin).
- Imanol Azpeitia: Txanbela (Juan Mari Beltranekin), Naima (Imanol eta Naiara Kamio aita-alabekin). Egun, musika irakasle Iruñeako San Fermin ikastolan.
- Naiara Kamio: Naima, Andoaingo pailazo taldea, irakasle Kantuz Musika Eskolan eta Doinu Zale Musika Eskolan.
- Imanol Kamio: «Attak panderoa jotzen zuen. Gero, ni txikia nin­tzela etortzen zen soziedadera goizuetar bat panderoa jo­tzen aritzen zena, eta ni begira-begira egoten nintzen. Orduan diferentea baitzen! Ez zegoen orain bezala, aukera... Nik Donostiara joan behar izan nuen 9 urterekin». Kamiok Ereñotzun sortutako eskolatik pasa dira musikari ereñotzuar guztiak. «Suertea izan nuen, eskola jartzen lehenengoa izan nintzen eta».
- Javier Oskoz eta Pello Oiartzabal: Haritza taldea.
- Pello Mazizior: Izotz taldea.
- Txus Aranburu: Duncan Dhu, Egan, Tapia eta Leturia, Alex Ubago, Eñaut Elorrieta...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!