Gartxot musikariarekin kantuan aritu ziren lehengo larunbatean Osiñagako bizilagunak.
Auzoko festetarako ederki prestatu zuten eztarria afaltzera bildutako haur eta helduek, auzotar berriarekin. Gartxotek urtebete inguru daramaki Osiñagan bizitzen, eta pozik onartu zuen bizilagunekin afaldu eta kantuan aritzeko aukera.
Afaria primerakoa izan zen, eta ondoren sortutako giroa ere, ederra. Gartxotek gitarra atera zuen, eta prestatutako kantuekin hasi zen. «3 L-ak», aipatu zituen, «Lete, Laboa eta Lertxundi».
Behin lotsak galduta eta eztarriak berotuta, abesti bat bestearen atzetik lotu zituzten. Azkenerako, gaua motz gelditu zitzaien, abestu nahi zituzten guztiak abesteko.
Asteburu honetan aukera izango dute festarekin jarraitzeko.